Plan berri honekin 710 enplegu sor litezkeela adierazi du Udalak, "eskariaren eta enpresek aurkezten dituzten kontratuen ezaugarrien arabera". Horretarako, planak bi partida biltzen ditu: bata izaera orokorrekoa, Eskualdeko Enplegu Planari dagokiona; eta gazteei berariaz zuzendutakoa bestea, Gazte Enplegu Planari dagokiona.
Alde batetik, Eskualdeko Enplegu Planak 4,8 milioi euroko aurrekontua izango du, eta bi jarduera ildo barne hartzen ditu: udal eremuko zuzeneko kontratazioak eta enpresa pribatuen kontrataziorako laguntzak.
Dagoeneko 2021eko abenduan abiatutako udal kontratazioari dagokionez, Udalak guztira 157 enplegu zuzen kudeatuko ditu toki eremuan, udal arlo eta entitateetan erabilera eta interes publikoko jarduerak garatzeko. Sei hilabeterako kontratuak izango dira, lanaldiaren % 75ekoak, udal sail eta zerbitzuetan proiektuak garatzeko.
Parte-hartzaileek langabezian egon beharko dute, Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda, eta udalerrian erroldatuta egon. Era berean, honako kolektiboren batekoak izan beharko dute: diru-sarrerak bermatzeko errentaren (RGI) titularrak edo onuradunak, luzaroko langabeak, 35 urtetik beherakoak, 45 urtetik gorakoak edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonak.
Gainera, Lanbidek baldintza hauek ezarri ditu: kontratatutako pertsona guztien % 15, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izatea; % 30, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak izatea, eta parte-hartzaileen % 40, gutxienez, emakumeak izatea.
Bigarren jarduera-ildoa Gasteizko enpresa pribatuentzako kontrataziorako laguntzak dira. Guztira, 2,97 milioi euro bideratuko dira, bi helbururekin: hiriko enpresa-ehuna berreskuratzea eta enpresa pribatuan enplegua sustatzea. Era berean, eta lan merkatuan ekitatez sartzea sustatzeko, emakumeak kontratatzea erabakitzen duten enpresek % 10 gehiago lortu ahal izango dute laguntzetan.
Horrela, Lanbiden izena emanda eta hirian erroldatuta dauden langabeak kontratatzen dituzten Gasteizko enpresek edo entitateek 1.500 eta 9.900 euro bitarteko laguntzak jaso ahal izango dituzte. Beraz, diru laguntza lerro horri esker sortutako lanpostuen azken kopurua enpresek aurkezten dituzten kontratuen ezaugarrien araberakoa izango da.
Kontratuek hiru hilabetekoak izan beharko dute, eta gutxieneko lanaldia % 50ekoa izango da; diruz lagun daitekeen gehieneko epea, berriz, sei hilabetekoa izango da. Diruz lagundutako kontratua aldi baterakoa edo mugagabea izan daiteke, baina ez da onartuko prestakuntza edo ikaskuntza kontraturik.
Laguntzek atzeraeraginezko izaera izango dute, 2021eko uztailaren 1etik 2022ko martxoaren 1era arte egindako kontratuak onartzen baitira. Gainera, ez dago mugarik enpresa bakoitzeko diruz lagundu daitekeen kontratu kopuruari dagokionez.
Eskabideak gizarte etxeetan, San Martineko udal bulegoetan eta udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez daitezke. Hiru epe ezarri dira enpresek eskabideak aurkezterik izan dezaten: 2022ko otsailaren 15era arte, 2022ko apirilaren 15era arte eta 2022ko ekainaren 10era arte; eskabidearekin batera, diruz lagun daitekeen aldiaren justifikazioa erantsi beharko dute.
Diru laguntzaren zenbatekoa zehazteko, bereziki kontuan hartuko da luzaroko langabeak, 55 urtetik gorakoak, 35 urtetik beherakoak eta DSBEa jasotzen duten pertsonak lanaldi osorako kontratatzea. Gainera, zenbateko guztiak % 10 handituko dira emakumeak kontratatzen badira.