Parte-hartzaile guztien artean, 3.800 bat industria-enpresak, zentro teknologikok eta ekintzailek azaroaren 20an eta 21ean BECen antolatutako “Basque Industry 4.0-The Meeting Point” biltzarrean parte hartu zuten. Topaketan, hainbat herrialdetako 100 aditu inguruk beste horrenbeste hitzaldi eman zituzten, eta eragile, enpresa eta startupen 170 stand izan ziren ikusgai.
4.0 Industria gizartearen zerbitzuan jartzea, Basque Cybersecurity Day ekitaldian txertatuta egitea, eta erakusketa-eremua handitu eta Basque Research & Technology Alliance (BRTA) euskal partzuergo teknologikoari, Basque Digital Innovation Hubeko (BDIH) 4.0 aktiboei nahiz Bind 4.0 azeleragailu publiko-pribatuko startupei protagonismo handiagoa ematea izan ziren SPRI Taldeak laugarren industria-iraultzari buruz antolatutako Euskadiko erreferentziazko ekitaldiaren berritasun nagusiak.
Zibersegurtasuna da teknologia digitalak industrian aplikatzerakoan kontuan hartu beharreko funtsezko gaietako bat. Beraz, 4.0 Industriari buruzko ezagutza partekatzea xede duen jardunaldi batek sareetako segurtasunaren parametroa sartu behar zuen programaren barruan.
Bestalde, “Basque Industry 4.0-The Meeting Point” topaketak seigarren edizioa bete zuen, eta aurten ere, gogoeta egiteko aukera erraztu zitzaien 4.0 Industriaren giltzarrizko eragileei: erakunde publikoak, enpresak, klusterrak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak. Gainera, gai honi buruzko hitzaldi nagusiak 4.0 Industriaren garapena gizartearen mesedekoa izan eta inpaktu sozial positiboa lortzea izan zuen ardatz.
Azkenik, BECeko 2. Pabilioiak erantzuna eman zien enpresek, zentro teknologikoek eta startupek aurreko edizioetan erakusketa-eremua handitzearen alde egindako eskaerei. Ildo horretan, Basque Industry 4.0 topaketaren aurtengo erakusketa-eremuak 170 stand bildu zituen, eta horietan, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko zentro teknologikoak, Basque Digital Innovation Hubeko (BDIH) 4.0 aktiboak, 4.0 Industriaren arloko puntako euskal enpresak eta BIND 4.0 azeleragailu publiko-pribatuko startupak izan ziren, gerora kontratuak eskainiko zizkieten enpresekin harremanetan jartzeko aukera izan zezaten.
Gehiago
Basque Industry 4.0. The Meeting Point ekitaldian aukera izan zen 4.0 Industriaren inguruko eragile publiko, pribatu eta enpresa guztien ezagutzak eta esperientziak partekatzeko.
Topaketa hau prozesu industrialak optimizatzeko balio duten EIKT tresnetan zentratzen da, hots, diseinurako, garapenerako, produkziorako, logistikarako eta fabrikazioaren kudeaketa integraturako tresna adimendunak.
Honela, bi egunez azaldu ziren esperientziak, joerak, estrategiak, iritziak, tailerrak, erakusketak eta arlo horietako adituen ikuspegiak, eta gune egoki bat atondu zen networking-erako.
Erakusketa eremu handiagoan bildu ziren 170 standen artean, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoari atxikitako zentro teknologikoak, 4.0 Industriako euskal enpresa nagusiak eta BIND 4.0 programako startupak izan ziren.
Honetaz aparte, Basque Industry 4.0 The Meeting Point ekitaldiak urrats bat gehiago eman zuen bere seigarren edizio honetan eta erronka berriei egin zien aurre, hain zuzen ere azken urteotako errealitate industrialak ezartzen dituen eta jardueraren segurtasunarekin lotuta daudenei. Jarduera industriala, 4.0 Industria, industria aurreratua eta industria teknologiko eta digitalizatua segurtasun osoz eta guztiz babestuta garatu behar dira, eta horregatik, ekitaldia gero eta handiagoa da, zibersegurtasun arloko ezagutza eta esperientziak eskaini ahal izateko.
eWorld aldizkariko berria