Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak oraindik zenbait plaza ditu libre udako gazteen auzolandegietan, Lemoan eta Busturialdean. Eskaintza Gazteaukeraren web-orrialdean dago zehaztuta.
Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariak zehaztu duen bezala, “uztailaren 16an martxan jarriko ditugu auzolandegiak, eta zenbait plaza ditugu libre, batik bat Lemoako eta Busturialdeako nazioarteko auzolandegietan. Auzolandegi horiek 18 eta 26 urte bitarteko gazteei daude zuzenduta eta horiek, plaza eskatzeko, 945.019536 edo 945.019501 telefono-zenbakietara deitu beharko dute. Auzolandegi bakoitzari buruzko informazio guztia Gazteaukeraren weborrialdean dago”.
Auzolandegiek azterketen egunen eta emaitzen ondoren oraindik libre dauzkaten plazak honako hauek dira: Maeztu-Arabako Mendialdea 2; Agurain 4; Busturialdea I, Bizkaia 8; Lekeitio II, 1; Zamudio 7; Lemoa I, 13; Lemoa II, 7; Elgoibar 5; Tolosa 4; eta Bergara 7.
“Horietako edozein da gomendagarria; Lemoako auzolandegia oso interesgarria da; izan ere, egin beharreko lana Gerra Zibileko lubakiak berreskuratzean datza, eta Aranzadiko teknikariek zuzentzen dute lana. Urtero aurkitzen da Gerra Zibileko material ugari. Benetan erakargarria da historia zaleentzat eta Historiako ikasketak egiten ari direnentzat edo egingo dituztenentzat”, esan du Añibarrok.
“Lemoako eta Busturialdeako auzolandegietan, plaza batzuk daude libre, azken urteotan atzerriko gazteen parte-hartzea urriagoa izan delako. Beraz, gure gazteek aprobetxa dezakete eta eskatu”, esan du Gazteriako zuzendariak.