Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenak saritu zituzten maiatzaren 17an, MONDRAGONek Arrasaten duen egoi-tza nagusian.
Aurtengo edizioan, Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira, biak Goi eskola Politeknikokoak. Lehen sariaren irabazlea Markel Azkue Etxeandia izan da, Ikerlanentzat egindako “Aplikazio industrialetarako energiaren biltegiratze-sistema hibridoen analisia” lanagatik, eta 1.500 euroko saria jaso du. Bigarren sariaren irabazlea Nagore Etxebarria Altuna izan da, FAGOR Arrasaterentzat egindako proiektu honengatik: “Formatu kargatzailea eta elikapen-lerroa uztartzen dituen prentsa baten elikapen-sistemaren diseinua”. Kasu honetan, 500 euroko saria eman diote.
Sariok duela zortzi urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko.
Guztira 582 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 187 euskaraz egin dira, alegia, %32. MONDRAGONeko kooperatibetan 120 proiektu landu dira eta bertan euskaraz garatutako 22 proiektuek parte hartu dute lehiaketan. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.
Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (HUHEZI), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.
MONDRAGON
MONDRAGON enpresa izaerako errealitate sozioekonomiko bat da, kooperatiba autonomo independenteekin osatua, Euskal Herriaren kulturan sustrai sendoak dituena, pertsonek eta pertsonentzat sortua, Esperientzia Kooperatiboaren Oinarrizko Printzipioetan inspiratua, ingurunearekin, hobekuntza lehiakorrarekin eta bezeroa gogobetetzearekin konprometitua, eta enpresa garapenaren bidez eta enplegua, batez ere kooperatiboa, sortuz, gizartean aberastasuna sortzea helburutzat duena. Aldi berean:
- Elkartasun konpromisoetan du oinarri eta metodo demokratikoak erabiltzen ditu bere antolakuntza eta zuzendaritzarako.
- Pertsonek euren enpresen gestioan, emaitzetan eta jabe-tzan parte hartzea eta integratzea bultzatzen du, eta enpresa horiek gizartearen, enpresen eta pertsonen aurrerabidearen proiektu komun bateratzailea garatzen dute.
- Formazioa eta berrikuntza bultzatzen ditu, giza eta teknologiko gaitasunetatik abiatuta, eta
- Gestio Eredu propioa darabil, aitzindaritza lekuak erdietsi eta Lankidetza bultzatzeko.
Bisioa eta printzipioak
Izan nahi dute pertsona konprometituak eta nortasun kooperatiboa dutenak, testuinguru globalean Enpresa Talde errentagarria, lehiakorra eta ekintzailea osatzen dutenak; eredu sozioenpresarial arrakastatsua aplikatuz, merkatuari irtenbide integralak eskainiz, esperientzia, ezagutza, berrikuntza, elkarren arteko lankidetza eta aliantza estrategikoetan oinarrituta; eta talentua erakarriz eta bultzatuz, balio erantsiko enplegua eta ingurunean garapen iraunkorra emateko behar besteko baliabideak sortzeko. MONDRAGONen balioak dira:
- Lankidetza: Jabe eta protagonistak.
- Partaidetza: Gestiorako konpromisoa.
- Gizarte erantzukizuna: Aberastasunaren banaketa solidarioa.
- Berrikuntza: Berritze etengabea.