Gipuzkoako Bazkundeak 324 erosketa-aukera bideratu eta 66 bisita itxi ditu industria-azpikontratazioaren sektoreko enpresekin urteko lehen seihilekoan.
Urteko lehen hilabeteetan Gipuzkoako Bazkundeak 324 erosketa-eskaera bideratu dizkie azpikontratazio industrialaren eremuan lan egiten duten Gipuzkoako enpresei. Horixe da Subcontex Gipuzkoak egindako lanaren emaitza. Gipuzkoako Bazkundearen arlo espezializatua da, eta kontratazio-modalitate horren pean gure lurraldean lan egiten duten enpresen merkataritza-sustapena egiten du.
Azpikontratazio industriala, oso errotuta dagoen industria-eredua Gipuzkoan
Industria-jarduerak lurraldeko jardueran garrantzi handia duela oso ezaguna da. Horietatik % 27, gutxi gorabehera, beste industria batzuetarako piezak eta osagaiak fabrikatzen espezializatutako enpresak dira, eta horrek lehiarako abantaila handia ematen die lurraldeko gainerako industriei. Abantaila nagusia da ekoizpen-prozesuetan espezializazio-maila handia duten enpresak direla, eta, beraz, ez dietela produktu zehatzik eskaintzen bezeroei; aitzitik, azkartasunari, kalitateari eta prezioari dagokienez, modu eraginkorrean fabrikatu ditzakete hainbat pieza, gero merkatuan saltzen den produktu batean txertatzen direnak. Beste inork ez bezala, mekanizazioa, galdaragintza, forja edo galdaketa bezalako ekoizpen-prozesuak menderatzen dituzten enpresak dira.
Merkataritza-sustapena behar bat da sektore honetan
Hala ere, produkzio-jarduerara oso bideratuta daudenez, oro har, merkataritza-ekipo txikiak dituzte, eta askotan enpresako zuzendariak berak bere gain hartzen du zeregin hori. Horri gehitzen badiogu enpresa azpikontratistaren eta bere enpresa bezeroaren arteko harremanak hasieran ezartzeko zailak diren harreman komertzialak direla, baina behin martxan jarrita denboran mantentzen direla, ulertuko dugu bezero berriak erakartzeko jarduera komertziala konplexua dela eta iraunkortasun dosi handiak eskatzen dituela.
Agertoki horretan planteatu du Subcontex Gipuzkoak bere zerbitzu-proposamena, hau da, enpresa mota horren merkataritza-jarduera bultzatzea, batez ere Europako merkatuan.
Urteko lehen 6 hilabeteetako balantzea
Aldi horretan garatutako jarduerari esker, Gipuzkoako enpresek 324 negozio-aukeratarako eskaintzak egin ahal izan dituzte. Aukera horiek, ixtekotan, bezero berri bat erakartzea dakarte, eta, gehienetan, bezero fidelizatu bihurtuko da. Aukera horiek espezializazioaren arabera banatzen dira Subcontex Gipuzkoa zerbitzuan alta emanda dauden Gipuzkoako 90 enpresa azpikontratisten artean.
Aukera horiek lortzeko, urtean zehar Europako merkatu nagusietan egiten den prospekzio-lana egin da, Subcontex Gipuzkoak 7 industria-azokatan parte hartu du Europar Batasunekoak ez diren 5 herrialdetan, eta Azpikontratazio Industrialeko Europako Erosleen XV. Topaketak egin dira. Topaketetan 7 herrialdetako nazioarteko 24 eroslek eta azpikontratazioko 73 tokiko enpresak hartu dute parte.
Jarduera horren ondorioz, nazioarteko 66 eroslek Gipuzkoako ekoizpen-lantegietara egindako bisitak ere antolatu ziren. Ekintza horiek funtsezkoak dira bezeroaren eta hornitzailearen arteko konfiantza-harremana ezartzeko.