Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta TECNALIAk -ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak- lankidetza estrategikorako lehen urratsa eman dute Gipuzkoako Campusean irekitako lehen Gela Teknologiko honekin. Bi erakundeek sinatutako esparru-hitzarmena oinarri hartuta garatutako lankidetza zientifiko, teknologiko eta akademikorako hitzarmen hau Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOak eta Agustín Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak sinatu dute gaur.
Gela berri hau kontzeptu eta teknologia aurreratuen prestakuntza eta ikerketarako lankidetza bultzatzeko bide izango da Gipuzkoako Campusa osatzen duten hamaika ikastegiekin batera eta, beraz, profesional bikainen prestakuntza sustatzeko oinarri izango da.
TECNALIA Gela Teknologikoan Gipuzkoako Campuseko ikastegi guztiek hartu ahal izango dute parte. Hasiera batean, honakoak izango dira gelako jardueretan lehentasuna izango duten ikastegiak: Informatika Fakultatea (Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala; Sistemen Ingeniaritza); Ingeniaritza Eskola (Elektrizitatea eta Elektronika; Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza); Kimika Fakultatea; Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (fakultate honetan egongo da gela).
Lankidetza gaiak eta parte hartzen duten ikastegiek gelan duten jarduna bat etorriko dira une bakoitzean identifikatzen diren elkarrekiko interesekin, eta abiapuntutzat hartuko dira ikerketako lehentasunezko gai hauek: polimeroetan oinarritutako materialak, zementu oinarridun nanomaterialak eta eko-zementuak; robotika aurreratua eta sistema autonomoak (droiak); sistema adimendunak (adimen artifiziala, deep learning eta datuen analitika); kontrol sistemak (industria elektronika); cibersegurtasuna.
Agustín Erkiziak, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, adierazi du uste osoa dutela ekintza honen sinergian, besteak beste, gure ikasleen gaitasunak antzematen eta zaintzen lagunduko digulako, ikasleak I+G+B arloko puntako erakunde batek bultzatutako proiektuetan arituko direlako, eta hori bi erakundeen garaperako bide ez ezik, gizarte osoaren garapenerako bide ere izango delako.
Bestalde, Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOren hitzetan “Gipuzkoako Campuseko TECNALIA Gela Teknologiko berri hau Euskal Herriko Unibertsitateak eta TECNALIAk lehiakorragoak egingo gaituzten talentuen garapenerako daukagun lankidetzaren eredu da. Gure lankidetzarako hitzarmenean aurrerapauso berria da hau, Euskal Herriaren I+G+B arloan erreferente eta osagarri diren bi erakundeen borondatea oinarri duena, eta eragin positiboa daukana bai bi aldeentzat, bai gizartearentzat”.
Gipuzkoako Campuseko TECNALIA Gela Teknologian egingo diren jarduera nagusiak honako hauek izango dira: