Aurten, berriro ere, ikasgeletan ekintzaile kultura lantzen duten Lanbide Heziketako ikasleak Eibarren elkartu ziren, Ikasenpresa Azokaren zortzigarren edizioan. Txaltxa-zelain eta Untzaga plazan kokatutako karpa eta standetan erakutsi zituzten 2.000 ikasle inguruk euren ikastetxeetan garatu zituzten produktu eta zerbitzuak goiz guztian zehar, ekintzailetza sustatzea helburu duen Ikasenpresa programaren baitako proiektu gisa. Aurten, azokan erakutsi ziren Ikasenpresa proiektuen kopurua 376raino iritsi zen, guztiak ere Euskadiko Lanbide Heziketako 81 ikastetxetako ikasleen eskutik.
Azokaren irekiera ekitaldian eta ondoren standez stand egin zen bisitan parte hartzaile izan ziren: Rikardo Lamadrid, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea, eta Iñaki Mujika, Tknika- Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroko zuzendaria.
Ikasleek garatu zituzten produktu edo zerbitzu horiek erabat ziren arlo eta sektore ezberdinetakoak, hala nola, osasunaren eremukoak, ostalaritzakoak, informatikakoak, energia arlokoak, robotikaren ingurukoak, ile apaindegi eta estetika arlokoak, eraikuntzakoak edo nekazaritza sektorekoak, besteak beste.
Ikasenpresa programa
Ikasenpresa ikasgeletan eskola-enpresak sortzearen inguruan garatzen den hezkuntza-programa da. Proiektu horren helburuen artean enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea dago eta baita gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea ere: sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, informazioaren kudeaketa, iniziatiba, lidergoa, konpromisoa, negoziazioa, eta abar. Honez gain, ikaslea, beste kultura eta gizarte-errealitate batzuetara hurbildu eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi da.
Programaren helburuak
Ikasenpresa bat sortzea, ikasleak ekintzaile izateak zer esan nahi duen jabetu daitezen.
Ikasleen gaitasunak garatzea, profesional onak izan daitezen: enplegagarriak, aktiboak, ekin-tzaileak edo euren lantokietan ekintzaile izateko.
Ikasleak autoenplegua beste aukera on bat dela jabetzeko sentsibilizatzea.
Zer egiten da?
Ikasleek enpresa txiki bat martxan jarriko dute ikasgelan, eta enpresaren jarduera guztiak aurrera eramango dituzte (irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa, eta abar). Produktu edo zerbitzu errealak izango dira, beraiek ekoiztu edo merkaturatutakoak.