30 urtetik beherako 45 emakume eta 52 gizon lan-merkatuan sartzeko zorian daude, Eusko Jaurlaritzak duela 34 urtez geroztik goi-mailako unibertsitate titulazioa duten gazteei nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan trebatzeko eskaintzen dien BEINT nazioartekotzeko beka ospetsuari esker. Egun, ekimen hori SPRI Taldeari atxikitako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak zuzentzen du.
Iñigo Urkullu lehendakariak euskal enpresa eta erakundeen premiei erantzungo dieten nazioartekotzearen arloko talentu berrien taldeko partaide bihurtuko diren 97 gazteei aitorpen-diplomak banatzeko ekitaldian parte hartu zuen.
Jendaurreko agerraldian, Lehendakariak gogoratu zien gazteei “kanpora zabaldu eta nazioartekotzea ere mundua eraldatu eta hobetzeko tresna dela”, eta horren harira opa zien “esperientzia hau zuen karrera profesionalerako pizgarria izatea, mundua eraldatzen eta mundu hobea eraikitzen laguntzeko aukera izan dezazuen”. “Euskal gizarteak egindako inbertsioa zarete, izan ere, ondo baino hobeto ikasia dugu gure Herriaren etorkizuna nazioartekotzeari lotuta dagoela”, ziurtatu zuen.
Era berean, Lehendakariak adierazi zuen beka hauek aukera bikoitza eskaintzen dutela; batetik, prestakuntza praktikoa hartu eta karrera profesionaletan lehenengo pausoa emateko aukera, “eta bestetik, zuen hazkunde pertsonalerako aukera, beste Herrialde bat, beste kultura bat eta beste hizkuntza bat ezagutu ahal izango dituzuen heinean”. Nazioartekotzeak herri mailako erronka bezala duen garrantzia nabarmenduz, Lehendakariak ziurtatu zuen “etorkizuna globala dela eta ekonomiaren zein enpresa eta merkataritza arloen maila guztiei eragingo diela, baita mundu akademikoari, aisialdiari eta kulturari ere. BEINT beka hauek agertoki globalean kokatu zaituztete”.
"Erabateko enplegagarritasuna"
Bestalde, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburuak beren-beregi nabarmendu du beka hauek duten “erabateko enplegagarritasuna”, ekimen aitzindari honen helburua ere azpimarratuz: “zuei guztioi beharrezko prestakuntza eta gaitasunak ematea giltzarrizko pieza bihur zaitezten, profesional bikainak alegia, eta ekonomia irekiaren erronkei eraginkortasunez erantzun ahal diezaiezuen. Merkatu berrietara sartzeko, nahitaezkoa da beharrezko prestakuntza teknikoa duten pertsonak izatea, askotariko kultur inguruneetan jokatzera ohitutakoak”, esan zuen.
Ekitaldian izan ziren, halaber, SPRI Taldeak atzerrian dituen zenbait bulegoren arduradunak: María Sarrikolea, Municheko bulegokoa; Pablo Fano, Londreskoa, eta Iñaki Gambus, Brasilgoa. Hiruren artean, ikuspegi orokorra eman zieten bekadunei, hemendik aurrera, prestakuntza-prozesuaren lehenengo fasearen barruan, erakundearen bulegoetan egin beharko dituzten lanei buruz.
Diploma-banaketan parte hartu zuten Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Arantxa Tapia Sailburuak, Javier Zarraonandia Industria Sailburordearekin, Alex Arriola SPRI Taldeko Zuzendari Nagusiarekin eta Ainhoa Ondarzabala Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Zuzendariarekin batera.
Beint bekak
30 urtetik beherako ehun bat gaztek eskuratzen dituzte urtero, euskal enpresa eta erakundeen premiei erantzungo dieten nazioartekotzearen arloko talentu berriak prestatzea helburu duten BEINT beka hauek. BEINT bekek aukera paregabea ematen diete unibertsitateko goi-mailako titulua duten gazteei nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza hartzeko. Beken programa zabalari esker, erreferentziazko titulu propioa lortzeaz gain, prestakuntza praktikoa jaso eta 8 hilabeteko egonaldia egiteko aukera dute munduan zehar finkatutako euskal enpresetan.
Abiarazi zenetik 34 urte igaro direla, talentu berriak nazioartekotzea xede duen tresna honen enplegagarritasun-indizeak ia erabatekoak dira.