Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzaren Auzolandegiak programak jatorri desberdineko gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez 15 egunetan gizarte-proiekzioko eginkizun batean parte har dezaten sustatzen du. 2022. urtean, Gazteria Zuzendaritzak parte-hartzaileen adin-tarteak zabaldu ditu, eta Gorlizen 14-17 urteko gazteek ere parte hartu ahal izango dute.
2022ko edizioan, 12 auzolandegi antolatu dira Euskadin, eta haietako bi 14-17 urteko adingabeentzat izango dira, Gorlizen eta Arraia-Maeztun, hain zuzen ere. Beste bi auzolandegik -Muxikakoak eta Muruetakoak- nazioarteko izaera izango dute, eta Euskadiko eta beste herrialde batzuetako gazteek hartuko dute parte. Gainerako auzolandegietan, berriz, Euskadiko eta beste autonomia-erkidego batzuetako gazteek hartuko dute parte. Plazak, Euskadin ez ezik, beste eskualde eta herrialde batzuetan ere eskainiko dira. Auzolandegi bakoitzeko arauen arabera, 18-30 urteko gazteek parte hartu ahal izango dute.
Auzolandegiak programaren barruko beste berritasun bat Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa (ABEN) Euroeskualdearen esparruan egingo den lehen auzolandegia da. Hiru eskualdeetako 25 gaztek abuztuaren hasieran Lekarozen (Nafarroa) egingo den auzolandegian parte hartuko dute.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, "2022an Gazteen Europako Urtea ospatzen den honetan, gazteei zuzendutako beste jarduera batzuk sartzen ari gara: duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzaren Garapen Lankidetzarako Sari berriak banatu genituen, hots, Erronkaren Globalen Aurrean, Gazteak Martxan, Olabeagan; aste hauetan, dozenaka gaztek eztabaida egiten dute, Eusko Jaurlaritzaren EGK, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren eta Euskadiko Gazteriaren arteko lankidetza-ziklo batean".
Horrez gain -gehitu du Beatriz Artolazabalek-, "gazteen eta adinekoen topaketarako espazio berriak sortzeko beharra helarazi diogu Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluari Bruselan, autonomia-erkidego guztien ordezkari gisa; emantzipazioa sustatzeko programak lantzen ari gara; eta 14 urtetik beherakoei parte hartzeko adina zabaltzen diegu Baztanen, Maeztun eta hemen, Gorlizen, hiru auzolandegitan. Adingabeentzako bi eremu horiek programa pilotu bat izango dira".
Nagore Utxupi, Gorlizko alkateak, zehaztu duenez, “Gorlizko auzolandegia zubia berreraikitzen eta Urezarantzako harri-garbitegia berreskuratzen arituko da. Horrela, taldea osatzen dutenek sakonki ezagutuko dute gure herria, eta hartzen gaituen ingurunearen zaintzan laguntzeko premian inplikatuko dira. Gorlizek 5.500 biztanle ditu, eta udaro laukoiztu egiten da. Auzolandegien egun horietan, Agirre eta Elurretako Andra Mariaren jaia biziko da. Azkenaldian hondartzako hareatza eta dunak berreskuratu ditugu. Errepide bat kendu du, ostalaritzako establezimenduak berrantolatuz. Mugikortasun urriko pertsonentzako sarbide bikainak ditu hondartzak”.
Eusko Jaurlaritzaren Auzolandegietan aurreinskripzioa egiteko epea datorren apirilaren 1ean hasi eta hilaren 26an amaituko da, eta helmugak hautatzeko zozketa hilaren 27an egingo da. Inskripzio-txandak maiatzaren 2an argitaratuko dira, gutxi gorabehera, eta plazaren inskripzioa/hautaketa maiatzaren 5etik aurrera egingo da.
Aurten, berriz ere, aurreinskripzioa eta inskripzioa baliabide elektronikoen bidez egingo da. Horregatik, prozesu osoa egiteko BakQ txartela (edo identifikazio elektronikoko beste edozein baliabide) lortzea gomendatzen du Gazteria Zuzendaritzak. Prozesu osoa www.gazteaukera.euskadi.eus webgunearen bitartez egin ahal izango da.
Euskadin, guztira 295 plaza eskainiko dituzten auzolandegiak antolatuko dira, eta adingabeek (14-17 urtekoak) eta adin nagusikoek (18-26 urtekoek, edota 18-30 urtekoek, dibertsitate funtzionala duten pertsonen kasuan) parte hartu ahal izango dute. Auzolandegiak hiru lurraldeetako udalerrietan egingo dira: Arraia-Maeztu, Laudio, Sopuerta, Gorliz, Lekeitio, Murueta, Bilbo, Muxika, Alonsotegi, Erandio, Lemoa eta Bergara. Plaza horiei Euroeskualdeko auzolandegikoak gehitu behar zaizkie.
Estatuko eta nazioarteko auzolandegiei dagokienez, Gazteria Zuzendaritza plazak beste autonomia-erkidego batzuekin eta INJUVErekin trukatzeko lanean ari da gaur egun. Informazio guztia (auzolandegiak eguneratuta) honako webgune honetan egongo da eskuragarri: www.gazteaukera.euskadi.eus
Euskadin egingo diren hamabi Auzolandegietako bakoitza gai espezifiko bati buruzkoa izango da, eta inskribatutako gazteek gai horren inguruan jardungo dute bi asteko egonaldian. Gaiak honako hauek izango dira: arkeologia eta industria-ondarearen berreskuratzea, ondare historikoaren berreskuratzea eta ingurumena, adinekoen gizarte-dinamizazioa, memoria historikoa eta abar. Normalean, goizetan auzolandegiko lan tematikoak egiten dira, eta arratsaldeetan eta asteburuetan, berriz, jarduera osagarriak. Animazio-taldeak parte-hartzaile guztien eta auzolandegia hartzen duen komunitatearen arteko lotura ahalbidetuko duten jarduerak proposatuko ditu. Halaber, jolas-, kultura- eta kirol-jarduerak egingo dira.