Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa eta Gestamp enpresa sarituak izan dira Europan, 4.0 industriako ekoizpen-prozesuetan hobekuntza energetikoak diagnostikatzeko xedearekin garatu duten sistema adimentsuagatik. DatSci Awards sariak Big Data Value Association elkarteak sustatzen ditu, eta ondoko alorretako Europako ekimenik onenak saritzen dituzte urtero: big data, datuen tratamendua eta adimen artifiziala, bai eta haiek industrian eta gizartean duten erabilera.
Azken urteko ekimenik onenak hil honetan argitaratu dituzte eta EAEko teknologia izan da irabazle “Adimen artifizialaren 4.0 industriako erabilerarik onena” kategorian. Kategoria horretan, ospe eta esperientzia handiko erakundeak izan dituzte lehiakide Tecnaliak eta Gestampek, hala nola Accenture eta Telekom Innovation Laboratories.
Teknologiak NAIA I4.0 (Neurtu eta Aditu Industrian Aurrezteko) izena du, eta industria-instalazioetan efizientzia energetikoaren gabeziak diagnostikatzeko sistema adimendun bat da. Tecnaliak eta Gestampek garatu dute elkarrekin, eta 2018an ontzat eman zuten Gestampen instalazioetan. SPRIren laguntza izan du, Hazitek programaren bidez. NAIA I4.0 sistemak fabrikazio-industriaren eraldaketa sustatzen du, digitalizazioaren, datu-analisiaren eta ikaste automatikoaren bidez. Gaur egun, produktuaren garapen- eta industrializazio-fasean dago.
Datu-analisiko teknikak aplikatzen ditu, sistemak askotariko datu historikoen multzo batetik ikas dezan: elektrizitatearen, gasaren eta aire konprimatuaren kontsumoak, zenbait mailatan neurtuak -fabrika, prozesua, makina- eta energia-kontsumoaren eta fabrikako ekoizpenaren arteko kausalitate-erlazioa. NAIA I4.0 sistemak fabrikako kudeatzaileari laguntzen dio prozesuko kontsumoak ulertzen eta fabrika eraginkortasunez kudeatzen, dirutan asko aurreztuta, ekoizpenari kalterik egin gabe.
Sari honekin, Gestampek eta Tecnaliak digitalizazioaren alorrean egindako ibilbidea aintzatesten da. Izan ere, Europako DatSci sariak alor horretako saririk ospetsuenak dira. Sariak datuen zientziaren alorreko I+G+B industrian erabiltzea aintzatesten du, baita zientziak eta Europako ikertzaileek enpresetan eta gizartean duten eragina ere.
Gestampi buruz
Gestamp Espainiako enpresa multinazional bat da, automobil-fabrikatzaile nagusientzat goi-ingeniaritzako osagai metalikoak diseinatzen, garatzen eta fabrikatzen espezializatua. Diseinu berritzaileko produktuak garatzen ditu, ibilgailuak gero eta seguruagoak eta arinagoak izan daitezen, eta, hala, hobeak izan daitezen energia-kontsumoari eta ingurumen-eraginari dagokienez. Karrozeria, txasis eta mekanismoen alorreko produktuak egiten dituzte.
Konpainiak 100 industria-instalazio baino gehiago (beste 2 eraikitzen ari da) eta 13 I+Gko zentro dauzka 22 herrialdetan, eta 43.000 langile baino gehiago, mundu osoan. 2018an 8.548 milioi euro fakturatu zituen. Gestampek Espainiako etengabeko merkatuan kotizatzen du GEST burtsa-sinboloarekin.
TECNALIAri buruz
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukera sortuz.