UNESCOk Parisen duen egoitzan Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak bilera izan du Anne Coupez UNESCO-Hezkuntzako Estrategia eta Planifikazio arduradunarekin.
Bilera honen helburua, funtsean, Eusko Jaurlaritza hezkuntzaren arloan garatzen ari den politikak ezagutaraztea izan da; Nazio Batuen Erakundeak 2015ean ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuekin lotutako ekintzak, bereziki 4. helburuari dagozkionak: hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzea.
Hezkuntza arloan, Eusko Jaurlaritza eta UNESCO elkarlanean aritu dira, eta gaur eguerdian Parisen egindako topaketak bi erakundeen arteko loturak indartu nahi ditu, jardunbide egokiak partekatzeaz eta NBEk ezarritako hezkuntza-helburuak betetzen laguntzeaz gain.
UNESCOren lantaldeko kideen aurkezpen batekin hasi da bilera. Jarduera estrategiko nagusiak sartzeaz gain, bai Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak, bai UNESCOren arduradunek hezkuntzaren, politiken eta plangintza sektorialaren etorkizunari buruzko ikerketari buruzko gaiak jorratu dituzte, bai eta munduko hezkuntzaren jarraipen-azterketa bat ere.
Hezkuntza Saila garatzen ari den politikak eta ekintzak Hezkuntza sailburuak azaldu ditu. Esparru Planak hainbat hezkuntza-esparru hartzen ditu baitan eta hoietaz hitz egin du: EAEko hezkuntza- sistemarako II. Hezkidetza Plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2019-2023)”; Adimen-gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza-arreta emateko Plana 2019-2022; Ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana (2016-2020); eta Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman - Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak txostena.
Bileraren ostean, Eusko Jaurlaritzako zein UNESCOko arduradunek bileraren balorazio oso positiboa egin dute.
Informazio-iturria: Eusko Jaurlaritzako prentsa-oharra.