Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin zuen martxoaren 12an Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zituela.
Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek jakinarazi zuenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Unibertsitate Sistemaren 2019-2022 Plana, unibertsitate guztietarako estrategia eta helburu bateratu batzuk ezartzea helburu duena. Hala, azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak ekintza estrategikoen ardatz bat ezarri du, ekintza bateratuena euskal unibertsitate-sistema osatzen duten 3 uniber-tsitateentzat, haietako bakoitzak bere ekintzak modu independentean garatu ahal izatetik harago doana. “Praktikan, unibertsitate bakoitzaren Plan estrategikoak Eusko Jaurlaritzak definitu duen lan-lerro estrategikoek zehaztutakoak izango dira neurri handi batean”, azaldu zuen.
Hezkuntzako sailburuaren arabera, Plan handi eta ausart bat da, unibertsitateen aldetik oso harrera ona izan duena. “Espero dut gure unibertsitate-sistema osoa hobetzen lagunduko duela”, gaineratu zuen.
Bestalde, Cristina Uriartek jakinarazi zuenez, Hezkuntza Sailak eta Gasteizko Udalak asmoen protokolo bat adostu dute hezkuntzako bizikidetzaren eta ekitatearen aldeko lankidetza bat garatzeko.
Urteko Araugintza Plana
Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi zuenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du 2019rako “Urteko Araugintza Plana” eguneratzea. Hala, Erkorekak azaldu zuenez, Plan honek bere baitan hartzen ditu aurten Gobernuak landu, onetsi eta Legebiltzarrari helaraziko dizkion Lege Proiektuak eta Dekretuak; guztira, 145 arau: 19 lege eta 126 dekretu. Horien artean, sailburuak nabarmendu egin zuen etorkizuneko lege bat, oraingo lege hauen edukiak eguneratu eta zabalduko dituena: “Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legea”; “Mugikortasun Jasangarriari buruzko Legea”, eta “Gazteriari” eta “Haurren eta nerabeen Arretari eta Babesari buruzko” lege berriak.
Gobernuko bozeramaileak ezagutzera eman zuenez, Gobernuak 15 milioi euro inbertituko ditu “Doako Justizia finantzatzen, 2019an. Erkoreka sailburuak argitu zuenez, inbertsio horrek bermatu egingo du kalteberatasun-egoera berezian dauden pertsonek doako sarbidea izatea Euskadiko Justizia Administraziora. Hau da, ahalbidetu egingo du pertsona inputatu, atxilotu edo kartzelatu guztiek arreta jasotzea, baliabide ekonomikorik ez dutenean edota babes bereziko kolektiboetakoak direnean: indarkeria matxista, indarkeria familiaren barruan, terrorismoaren biktimak, adingabeak, atzerritarrak, desgaitasun psikikoa duten pertsonak abusu edo tratu txarren biktima...
Dirulaguntzen Plan Estrategikoa
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak jakinarazi zuenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saileko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2019rako. Tapiak azaldu zuenez, Eusko Jaurlari-tzak 435,9 milioi bideratuko ditu euskal enpresen lehiakortasuna hobetzera, baita Euskadiko ekonomia produktibo osoarena ere. Sailburuak azaldu zuenez, Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 81 jardute-lerroekin jarriko da abian, eta 384 milioi euro baino gehiagorekin. Gainera, sozietate publiko atxikiek, SPRIk eta EVEk, osatzen dituzte dirulaguntzak 51,9 M gehigarrirekin, industriaren lehiakortasuna hobetzeko, eraginkortasun energetikorako eta berriztagarrien sustapenerako.
Horrez gain, prentsaurrekoan, sailburuek hainbat galdera erantzun dituzte. Besteak beste, Itunpeko Hezkuntzaren inguruan eginak, Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Egunari buruzkoak, Venezuelaren inguruan galdetutakoak, transferentzien inguruan eginak eta Lehendakariak procesaren kasuaren inguruan egindako deklarazioari buruzkoak.