'Sukaldean' izeneko proiektuak honako hau proposatzen du: 0 kilometroko produktuen erosketa zentralizatzea, gero (garbi, zurituta, zatituta eta ontziratuta) banatzeko ikastetxeetako, egoitzetako eta hoteletako jantokietan; horrela, denbora aurreztuko da eta janaria ez da alferrik galduko. Proiektuari lehen saria eman diote Enpresari Lehiaketan, hots, Bizkaiko lanbide-heziketan ekintzailetzaren kultura sustatzen duen lehiaketan.
Leioako Ostalaritza Eskolako lau ikaslek diseinatu dute proiektua (Galder Novo Azurmendi, Manuel Escudero Noguera, Mitxel de Sousa Alejo eta Unai Durán Rico izenekoek).
Bigarren eta hirugarren sariak jaso dituzte, hurrenez hurren, 'Koof Kombucha' proiektuak (CPES Lea Artibai BHIPeko ikasleen proposamen bat, izen hori duen alkoholik gabeko edaria egiteko eta merkaturatzeko) eta 'Envolvexa' proiektuak (fatxaden eraikuntzan eta konponketan berritzeko ideia, plaka zeramikoen eta aire-kameren sistema erabiliz).
Lehen saria 1.500 eurokoa da, bigarrena 1.200 eurokoa eta hirugarrena 1.000 eurokoa. Gainerako sariak (guztira hamar sari izan baitira) 500 eurokoak izan dira. Bideo onenak aurkeztu dituztenei iPad tablet bana oparitu zaie.
Enpresari lehiaketa
Enpresari lehiaketa izen bereko programaren barruan sartzen da. DEMA - Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak (Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailari dago lotua) eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu dute. Gaur arratsaldean sariak jaso dituzten ideia eta proiektuen lehiaketaz gain, Enpresari programak enpresa-ekintzailetzako tailerrak ere izaten ditu, gure lurraldeko lanbide-heziketako ikastetxe ugaritan.
Edizio honetan aukeratu diren 70 proiektuak sustatzaile ziren ikasleek garatu ahal izan dituzte, irakasleekin batera eta DEMA Agentziaren aholkularitzarekin. Programaren bidez, izan ere, enpresa-proiektuak egin nahi dira, sustatzaileek hala nahi izanez gero errealitate bihur daitezkeenak, aipatutako agentziaren eta Foru Sailaren laguntzarekin. Programa honen historian behin baino gehiagotan egin da horrela.
Sariak banatzeko ekitaldian Ana Urrutia izan da aurkezlea, eta han izan dira Lanbideko zuzendaria Gloria Múgica eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru diputatua Teresa Laespada.
Laespadaren esanetan, Sailak lehiaketan parte hartu duten ekimen ekintzaileen antzekoak lagundu nahi ditu. Zera azpimarratu du: "ezin dugu utzi ekintzailetzako ekimen bideragarri bat ere atzean".
"Hemen gaude zuei laguntzeko, DEMA hemen dago laguntzeko. Baina hauek ez dira hitzak soilik. Adibidez, iaz, pandemiak eta COVIDak egoera zaildu eta beldurra eragin zuten arren -horiek hor egongo dira beti, nolabait-, laguntza eman genien 1.171 ekimen ekintzaile berriri eta 1.171 enpresa berriri.
Aholkularitza, prestakuntza eta finantzaketa eman genizkien. Ekimen horien bidez 1.200 pertsona baino gehiagori emango zaie lana. Gazte askori (% 24). Gehienak emakumeak, gainera (% 52). Jarduera-sektore desberdinetan: modaren diseinuan, arotzeria metalikoan eta beste batzuetan".