Emerid deritzon identifikazio-sistemak larrialdi-egoeretarako edo objektuak galtzen direnerako garrantzitsua izan daitekeen informazioa biltzeko moduko gailu itsasgarria du. Enpresak salmentan jarri berri du sistema hori, bi esparrura begira, nagusiki: kirol-jardunerako kaskoak eta bidaietarako maletak. Gailuak NFC teknologiaren bitartez funtzionatzen du, eta horrela, aski da itsasgarrira smartphone bat hurbiltzea, bertan bildutako harremanetarako datuak irakurtzeko.
“Gaur egun, ez da aldatu ekipajea identifikatzeko modua eta, askotan, airelineek ere ezin aurki ditzaketen maleten galerak gertatzen dira”, adierazi du Jon Morentin startuparen sortzailekideak; “gure gailuan bildutako informazioak argi adierazten du norena den ekipaje hori, harremanetarako datuak eta ibilbideari buruzko jakingarriak atxikita dituelarik. Gainera, norbaitek itsasgarria irakurtzen duenean, ekipajearen jabeak mezu automatikoa jasotzen du maletaren koordenatuekin, azkar-azkar aurkitu ahal izan dezan”.
Emerid larrialdi-egoeretarako ere diseinatuta dago, bereziki txirrindularitzan eta motoziklismoan jarduteko. “Askotan, kirolariak bakarka ateratzen dira errepideetara. Istripua gertatuz gero, gailuari esker istant batean jakin daiteke nor den, berari dagokion informazio mediko garrantzitsua eta harremanetarako datuak, larrialdi-zerbitzuen lana bizkortuz” Kasu honetan, sistema kaskoan itsasten da, eta startupak webgunean zuzen-zuzenean saltzen duen arren, lanean hasi da federazioekin eta kirol elkarteekin bazkideei eskaini ahal izateko.
NFC (Near Field Communication) deritzon haririk gabeko irismen laburreko komunikazio-teknologiak gailuen arteko datu-trukea ahalbidetzen du oso gertu daudenean. Sistema hau oso hedatuta dago gure inguruan; adibidez, saltokietan eta garraio publikoan txartelaren bidez ordaintzen dugunean edota jaietako eskumuturrekoetan. “Oso teknologia segurua da, izan ere, datuen transmisioa gertu-gerturik egin behar da, bestela ez du funtzionatzen”,argitu du Jon Morentinek. Gainera, ez du bateriarik edo mantenimendurik behar, eta egun, ia smartphone guztiek daukate irakurtzeko gaitasuna, app berezirik deskargatu beharrik gabe.
Produktu berri honen bitartez, euskal startupa B2C ereduaren araberako merkatu berri batera ireki da, orain arte neoprenozko jantzien nahiz bainu-jantzien arloan salgai zituen produktuen osagarri. Gainera, enpresa SOSA-Bizkaiaprograman parte hartzeko aukeratu dute, eta otsailean, astebete egingo du nazioarteko azeleragailuak Tel Aviven dituen instalazioetan. “Aukera ona da segurtasunera eta beste nitxo batzuetara irekitzeko eta Israelgo merkatua esploratzeko”, ziurtatu du Morentinek.
Emerid
Emerid 2017n sortu zen eta garapen prozesuan bidelagun izan ditu SPRI Taldea eta Bizkaiko Foru Aldundia, Beazen bitartez.
Bilbo Handiko bost ekintzailek garatutako sistema berritzaile honek aukera ematen du edozein pertsona, animalia edo objektu identifikatzeko, “Emerid" sistema integratuz hainbat elementutan.
Merkatuan ondo errotutako enpresekin dituzten lankidetza-akordioen bidez, konponbide hori integratu dute hainbat arropa eta elementutan, adimendun bihurtu daitezen; hala, erabiltzaileak uneoro identifikatuta daude, edozein larrialdi gertatuta ere.
www.emerid.com
eWorld aldizkariko albistea