Joan den ekainaren 20an, asteazkenarekin, CITA Emprende ekimenak leku izan zuen Donostiako Tabakaleran. Jardunaldi oso batean zehar, ekintzailetzaren inguruneko eragile guztiek batzeko aukera izan zuten, eta elkarrekintzan aritu ziren aukerarekin. Izan ere, han egin zuten topo startupen eta enpresa txiki eta ertainen arduradunek inbertitzaileekin. Hartara hitzaldiak, mahai-inguruak, elkarrizketak eta feedbackak izan ziren, besteak beste, Tabakaleran. Guztira, 300 pertsona inguruk parte hartu zuten ekitaldian.
CITA Emprende hiru aretotan zegoen banatuta. Lehenik eta behin, Zinema Aretoan, hitzaldiak eta solasaldiak izan ziren, enpresa garrantzitsuen arduradunen eskutik, non publikoak bere galderekin parte hartzeko aukera izan zuen. Topaketa bat Egile Taldeak, Hispavistak eta AVSk batera egin zuten, 'Intraekintzailetza DNAn' izenburupean.
José Tesán Alonsok, Kereoneko Partner eta Inbertsioetako Zuzendariak moderatu zuen solasaldi hau, non parte-hartzaile bakoitzak, alegia, Eduardo Junkera Egile eta CIDETECeko presidenteak, Miguel Ángel Carrera AVSko funda-tzaile eta CEOk (Chief Executive Officer) eta Miren Elósegui HispaVista Digital Makers-eko Negozio-Unitateko arduradunak beren esperientziak azaldu zituzten ekintzailetzaren munduan. Esate baterako, Eduardo Junkerak adierazi zuen giza-faktoreak, batzutan, zailtasunak dakartzala kudeadetzeko orduan ekintzailetzan. Izan ere, badira kasuak non pertsonak bere interesak proiektuaren interesen gain kokatzen dituen.
Horregatik, bere hitzetan, “batzutan, ekintzailearen profila ez dator bat proiektuarenarekin”. Hori dela eta, Junkerak esan zuen “apaltasuna” oso garrantzitsua dela ekintzaile-tzan. “Gertatu izan da proiektu bat geldiarazi behar izatea pertsona jakin baten eskutan uzteagatik”, aitortu zuen Junkerak.
Honen harira, Miren Elóseguik HispaVistako esperientzia agertu zuen. Elóseguik kontatu zuen behin hiru urte itxaron behar izan zutela ekintzaile bat aurkitzeko sozietate berri bat martxan ipintzeko. Izan ere, “guk jausgailurik ez egotea nahiago dugu”. “Norbaitek jausgailuarekin lan egiten duenean badaki gaizki ateratzen bazaio beste lanpostu batean ipiniko zaiola, eta hori izan da batzutan gure porrotaren arrazoia”, azaldu zuen. “Jausgailurik gabe lan eginez gero, batek ahal duen guztia uzten du proiektuan”, esan zuen Elóseguik.
Beste ekintzak
CIA Emprendeko beste zonalde bat Zeta Aretoa zen, non solasaldi batzuen ostean, lehendik hitzordutako ekintzaile eta inbertitzaileen arteko topaketak eman ziren, bai taldeka, bai bi per-tsonen arteko elkarrizketak bezala.
Bestalde, Kultur Kluba Aretoan BIC Start Up! Day ekimena ospatu zen. Ekimen berritzaile honen lehen edizioa zen hau, eta ez azkena, antolakuntzak adierazi ahala. Hemen, publikoaren aurrean hiru eremutako 10 startupen ordezkarik beren proiektuak aurkezten zituzten 3 minututan zehar. Ondoren, zenbait adituk beren iritziak ematen zituzten entzundako proiektu eta aurkezpenei buruz. Industria 4.0, Energia eta Bio-Osasuna eremuetako startupek parte hartu zuten ekintza honetan, 10 startup arlo bakoitzeko.
Ekimen honen helburua hirukoitza zen: alde batetik, balioan ipini BIC eta starkupetan egiten den lana eta horri ikusgaitasuna eman; bestetik, startupek aukera izan zezatela agente adituen aldetiko feedback baliotsua jasotzeko (azeleratzaileak, inbertsio-fondoak...); eta amaitzeko, aitzakia on bat izatea profil guzti hauek batzeko hemendik gauza interesgarri asko ateratzeko.