Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, “Residencias EKINN” programa jarri du martxan berriro. Helburua Donostiako talentu gazteari ostatu eskaintzea da, bai ekintzailetza-proiektu berritzaile batean lanean ari direnei, bai tokiko enpresa berritzaile batean proiekturen bat garatzeko kontratatuak izan direnei ere.
Horrela, 6 hilabetetik 2 urtera bitartean ostatua emango zaie gure hirian profesionalki garatzen ari diren gazte donostiarrei. Guztira, Donostia Sustapenak 16 apartamentu jarriko ditu eskuragarri EKINN eta TALENT HOUSE eraikinetan.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziarentzat, “Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, gure hirian talentu gaztea erakartzeko eta mantentzeko apustuan abian jartzen duen programa ugarietako bat baino ez da. Izan ere, ez zaigu ezertarako balio zientzia -eta berrikuntza-ekosistema indartsu bat izateak, gure ekintzaile gazteek beren bizitza eta proiektu profesionalak garatu ahal izateko behar dituzten baliabideak martxan jartzen ez baditugu. Neurri handia da beraien lan eta ezagutza guztiak balio erantsia izan dezan eta hirira itzul dadin”.
Programaren aurkezpenean izan diren gazteen artean, Ander egon da, 33 urteko donostiarra; Talent Housen bizi da duela urtebetetik, eta honako hau dio: “Talent House aukera paregabea izan da atzerritik nire jaioterrira itzuli eta berme osoz ekiteko, Alemanian eta Erresuma Batuan izan dudana bezalako edo bizi-kalitate are duinagoarekin. Gainera, nabarmendu duenez, "pribilegioa da Talent Housera iristea eta lehen egunetik modu eroso eta errazean bizitzeko eta lan egiteko behar den guztia izatea".
Bere egonaldia amaitu zuen Sugoirentzat, "Talent Housen bizitzeko aukera funtsezko bultzada izan zen nire karrerarako, nire trebetasunak sormenezko eta lankidetzazko ingurune batean garatzeko aukera eman baitzidan, lotura profesional baliotsuak ezartzeaz gain. Esperientzia honek aukera berrietarako ateak ireki zizkidan eta nire ikuspegi profesionala aberastea ahalbidetu zidan, eta hori funtsezkoa izan da sektorean izan dudan hazkunderako. "
Programa honetan parte hartu nahi dutenek motibazio-gutun bat aurkeztu beharko dute, 35 urte baino gutxiago izan beharko dituzte eta Donostiarekin lotura izan beharko dute honako aukera hauetako baten bidez:
- Donostian jaio izana.
- Azken 15 urteetan hirian erroldatuta egotea.
- Donostiako fakultate eta/edo unibertsitate-eskoletako batean titulazio ofiziala izatea eta azken 10 urteetan erroldatuta egotea.
Gainera, Donostia Sustapenak azken bi urteetan abian jarri dituen ekintzailetza berritzaileko programetako batean parte hartu behar dute, edo, Udal Sozietateak Donostiako enpresen esku jartzen dituen gazte kualifikatuen kontratazio-programetako baten bidez kontratatua izatea.
Horrela, gazte ekintzaileek 1 eta 2 urte bitartean hartu ahal izango dute ostatu, eta tokiko enpresek kontratatzen dituztenek, 6 hilabete eta 2 urte bitartean. Alokairuko hobariak % 30 eta % 60 artekoak dira.