Fabrikazioaren benetako inguruneen errealitatea hezkuntza komunitatera hurbiltzeko helburuarekin, Danobatgroup taldeak, aurten ere, industria mailako fabrikazio-prozesuetara aplikatutako bi berrikuntza-proiektu saritu ditu.
Saritutako proiektuak Nafarroako Tecnun Unibertsitateko Ingeniarien Goi Eskolako Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleek prestatu dituzte. Aurreko edizioetan ez bezala, proiektuen defentsarako ekitaldia eta sari banaketa Donostiako Tecnun fakultateko instalazioetan egin ziren, industria-taldeak Elgoibarren dituen instalazioetan egin beharrean.
Aurtengo saria bi taldek jaso dute: alde batetik, Iñigo Ariceta, Alex Barrenetxea, Ander Echezarreta eta Eñaut Salaberriaren taldeak, eta bestetik, Imanol Anta, Amaia Cendoya, Mikel Malcorra eta Aitor Martínen taldeak. Bi taldeek olio eta gaserako briden mekanizaziorako irtenbide bat aurkeztu zuten, euskal fabrikatzaileak eskatzen dituen zehaztasun eta automatizazio eskakizunen baldintzak betez.
"Guretzat benetako erronka bat izan da Danobatgroup-ek planteatutako desafioari aurre egitea. Horretaz gain, aukera paregabe bat izan da gure ezagutza teknikoa proban ipintzeko benetako fabrikazio ingurune batean", azaldu dute Amaia Cendoya eta Alex Barrenetxea talde irabazleen bozeramaileek.
Saria lortzeko, masterreko ikasleek makina-erremintaren fabrikatzaileak planteatutako erronka teknologiko bera bati aurre egin behar izan zioten. Zehazki, aurtengo erronka olio eta gaserako bridak mekanizatzeko makina bat diseinatzean zetzan, produkzio automatizatuko ingurune batean.
Guztira, Masterreko 48 ikaslek parte hartu zuten, 12 taldetan banatuta. Proiektuak garatzeko aurreko urrats gisa, parte-hartzaileek zehaztasun kontzeptuen eta 4.0 teknologien inguruko prestakuntza teoriko-praktikoa jasotzeko aukera izan zuten, Harkaitz Urreta Ideko Teknologia Zentroko Zehaztasun Diseinua eta Ingeniaritza ikerketa taldeko zuzendariaren eskutik. Ideko Danobatgroup-eko berrikuntza motorra da.
Lana amaitu ondoren, ikasleek hamabost minutu zituzten beren proiektuak defendatzeko Mikel Arizmendi Tecnun Industria Ingeniaritza Masterreko irakasleak eta Harkaitz Urretak osatutako epaimahaiaren aurrean.
"Harritu egin gara ikasleek fabrikazio arazo erreal bati erantzun eraginkorra emateko duten gaitasunarekin, txosten teknikoen zorroztasunarekin, lankidetza lanetarako dituzten gaitasunekin eta beren proiektuak defendatu dituzten kaudimenarekin", esan zuen Harkaitz Urretak.
Sariak ikasleen bikaintasuneko prestakuntza indartzeko, haien ezagutza teknikoak sustatzeko eta zeharkako trebetasunak hobetzeko aukera dira, baita asmakizuna, gaitasun analitikoak eta talde lana bultzatzeko ere.