LHko Harrobia Ikastolako 13 ikaslek BBK Live musika-jaialdia urtez urte antolatzen den Bilboko Kobetamendi eremua errealitate birtualean simulatzeko aplikazioa garatu dute. HTC VIVE betaurrekoen bitartez, ingurune osoaren 3Dko irudia lortu eta ekitaldian erabili beharreko osagaiak erantsi, aldatu edo mugiaraz daitezke, hala nola agertokiak, komunak, edari eta janarien saltokiak eta karpak. Gainera, aplikazioak ingurune osoa benetako eskalan zeharkatzeko aukera ematen du, nolako emaitza izango lukeen egiaztatzeko.
“Teknologia hau ekitaldien aurreprodukzioaren arloko prozesuen digitalizazioa da”, argitu du Josu Cobelo Echevarríak, Harrobia Ikastolako 3D Zikloaren arduradunak; “lehen plano edo maketen bitartez egiten zenaren aldean, aplikazio honek muntaia nola geldituko den bistaratu eta aldez aurretik testatzeko aukera ematen du”.
Gainera, programa beste edozein musika-ekitalditan erabil daiteke, dagokion lekuaren topografia sartuta.
Proiektua prototipo fasean dago eta ikasleek egindako hiru astetako lan trinkoaren emaitza da, 600dik gora garapen-ordu tarteko. Ekimena BBK Live jaialdia antolatzen duen Last Tour International enpresaren eskariz abiatu zen, Harrobiak proiektuen bidezko ikasketa-metodoaren harira erabiltzen duen ETHAZI metodologiari atxikita. “Benetako erronken gainean lan egiten dugu, ikasleak lan-merkatuan sartzeko treba daitezen”, adierazi du Josu Cobelok: “Kasu honetan, ikasgela sailetan banatu eta talde bakoitzari proiektuaren zati baten ardura eman genion, eskari bat bete behar duen egiazko enpresa bat bagina bezala lan eginez”.
Prototipoa Barakaldoko BECen urriaren 30etik azaroaren 1era bitartean antolatutako BIME Pro musika sektoreko teknologia berriei buruzko topaketa profesionalean aurkeztu zen. Lehendabiziko mugarri horren ondotik, ikasle talde batek proiektua garatzen jarraituko du urtea amaitu arte. Helburua funtzionaltasun berriak gehitzea da; adibidez, pertsonen mugimenduaren simulazioa, pilaketak edo segurtasun arazoak aurretiaz iragarri ahal izateko.
Proiektua Spri Taldeak azaroaren 20an eta 21ean BECen antolatuko duen 4.0 Industria eta zibersegurtasunari buruzko Basque Industry 4.0 nazioarteko biltzarraren barruan ere aurkeztu zen. Bertan, Harrobia Ikastolak Lanbide Heziketako ikasleek garatu dituzten zenbait proiektu teknologiko emango ditu ezagutzera.
Harrobia Lanbide Heziketako ikastola da, Bilbon kokatua, Heziketa-Zikloak emateko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak baimendu eta itundutakoa, eta langile landunei eta langabeei zuzendutako Lanerako Lanbide Heziketa emateko eta kudeatzeko Euskal Enplegu Zerbitzua, Lanbidek baimendutakoa.
Harrobia, enpresek beren langileentzat antolatzen duten prestakuntza kudeatzeko eta emateko erakunde antolatzailea da.
Honetaz gain, Harrobia Kirol Federazioei igaroaldiko kirol irakaskuntzak emateko eta kudeatzeko zerbitzua eskaintzen duen Kirol Irakaskuntzetarako Ikastola Baimendua da. Harrobia irabazi asmorik gabeko eta herri-onurakotzat deklaratutako Kooperatiba Elkartea da.
Portugaleten jaio zen 2001ean Ibar Ezkerra Ikastola izenarekin. 2011tik aurrera, bere zerbitzua Bilbon eskaintzen du Harrobia izenarekin.
eWorld aldizkariaren albistea