Iñigo Urkullu Lehendakariak, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte eta Enplegu eta Gizarte Politiketakoa saiburu Beatriz Artolazabal lagun zituela, 2019ko Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresua inauguratu zuen ekainaren 12an, Donostiako Kursaal Jauregian. “4. Industria Iraultza: Teknologia, Iraunkortasuna eta Balioak” goiburu hartuta, kongresuak mila aditutik gora bildu zituen bi egunez, ekainaren 12an eta 13an, Donostian, tartean zirela Estatuko edo Autonomia Erkidegoetako Lanbide Heziketako politiken arduradunak, ikastetxeetako irakasle nahiz zuzendariak, enpresetako ordezkariak edo nazioarteko erakundeetako arduradunak. Mundu zabaleko bost kontinenteetako 54 herrialdetik etorririk, Donostia Lanbide Heziketaren hiriburu bihurtu zuten bi egunez. Irekiera ekitaldian Lehendakariak Euskadiko Lanbide Heziketa Saria eman zien euren ibilbide-profesionalean euskal Lanbide Heziketa egun lortu duen erreferentziazko tokiraino eramateko lan egin duten hiru laguni: Iñaki Mujikari, Tknikaren egungo zuzendaria eta aurrez, 2005-2009 urteen artean Lanbide Heziketako sailburuorde izan zenari; Jose Mari Elolari, Tknikaren lehen zuzendari izan zenari, eta beraz, zentro hori abian jarri zuenari; eta Jose Luis Fernandez Maureri, duela gutxi arte Tknikan Nazioarteko arloaren arduradun izan denari (Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa da).
Europako Enplegua, Gizarte Gaiak, Gaitasunak eta Lan Mugikortasunaren komisario Marianne Thysen-ek ere Kursaalera bere mezua helarazi nahi izan zuen, bertan proiektatu zen bideo baten bidez. Thysen komisariak euskal Lanbide Heziketa goraipatu zuen, Euskadiko ereduaren izaera aitzindaria aitortuz. “Euskadiko ereduan inspirazioa hartuta, bikaintasun profesionaleko zentroak inauguratu ditugu (Europan), eskualdeen hazkundea, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko”. Europako enpresa askok langile kualifikatuak -eta egun beharrezko diren gaitasunak dituztenak- aurkitzeko dituzten zailtasunak ere hizpide izan ditu komisarioak. Egoera horren aurrean, eta Lanbide Heziketaren eredu malgu bat garatzeko beharra ikusirik, berriro ere euskal eredua ipini du adibide, “garapen teknologiko eta sozial azkar horretara egokitu ahal izateko”, esan zuen. “Bere inguruan gertatzen ari diren aldaketetara hobeto egokituko den sistema behar dugu, eta gazteen gustuko aukera izango dena; Euskadin dagoena bezalakoa, munduan den onenetako bat, eta Europan askorentzat inspirazio iturri dena”.
Thysen komisarioaren mezuaren ondotik, Europako Batzordeko Enplegu eta Gaitasunetako zuzendari nagusi Manuela Geleng-ek hartu zuen hitza. Berau da kongresu honetan Europako Batzordearen ordezkarietako bat. “Skills for competitiveness and innovation” hitzaldian, eta aurrez komisariak agerturiko argudioei jarraiki, Geleng-ek egun Europako Batzordea garatzen eta bultzatzen ari den lan ildo nagusiak azaldu zituen, betiere gaitasun profesionalen arloan.
Giza dimentsioa
Nazioarteko Kongresu honetan batez ere 4. Industria Iraultzaren giza dimentsioan sakondu zen. Txostenek eta hitzaldiek gizakiaren garrantzia azpimarratu zuten, eta baita teknologia, robotizazioa, sistema adimendunak nahiz adimen artifiziala nagusi izango diren gero eta etorkizun hurbilagoan gizakiak berak landu behar dituen balioak ere. Kongresuak fokua pertsonengan eta hauek prestatzeko moduan jarri zuen, gizartearen ongizatearen eta aurrerabidearen aurrean teknologia elementu osagarri bihur dadin. Hau da, nola prestatu behar dugun protagonista pertsona izan dadin, eta teknologia berriz, hobeto bizitzen lagunduko digun adiskidea izan dadin.
Lehen hizlarietako bat Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalo izan zen. “El desafío de la compejidad" izenburupean, Arevalok azaldu zuen konplexutasuna kudeatzeak zer suposatzen duen eta Lanbide Heziketako Euskadiko ikastetxeak nola hari diren konplexutasunaren erronkari aurre egiten, teknologia eta sistema adimendunen testuinguru horretan: zein helburu finkatu behar diren eta, bereziki, zein metodologia eta antolakuntza-eredu berriekin egiten dioten aurre.
Ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adimen Artifizial eta Konputazioko Zientziako katedradun Humberto Bustincek hartu zuen hitza, “La inteligencia artificial y su proyección a 2025” izenburupeko hitzaldiaren bitartez, honako gaiak jorratzeko: datozen bost edo sei urteetan adimen artifizialak ezagutuko duen garapena, eta adimen artifizial horrek pertsona guztien bizitzaren gero eta esparru arruntagoetan izango dituen aplikazio praktikoak. Ana Lopez de San Roman aholkulari estrategikoak ere gai horri heldu zion bere hitzaldian. Ingurune adimendunetako giza dimentsioaz aritu zen, eta gizakiak ingurune horretan landu behar dituen balioek duten garrantzia aztertu zuen, 4.0 deitutako balioak
Iraunkortasuna
Bi egunetan guztira 18 hitzaldi -Europako, Ameriketako eta Ozeaniako adituek garatuak- biltzen zituen programaren barruan iraunkortasunaren gaia izan zen kongresu honetako saioen beste ardatz nagusietako bat. Kasu honetan ere garrantzia eta protagonismoa pertsonei eta euren ongizateari eman zitzaien.
Iraunkortasunari buruzko (Tknikako -Lanbide Heziketari aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa- arduradunek eman zuten) edo ekonomia zirkularrari buruzko (Ecoalf -i-tsasotik bildutako arrantza-sareekin arropa, oinetakoak eta osagarriak egiten ditu- enpresak eman zuen) hitzaldiez gain, Kursaalen egingo den kongresuaren bigarren jardunaldian pertsonen egunerokotasunean etorkizun hurbilean garrantzi handia izango duten gaiak jorratu ziren.
Horren harira honako hitzaldi hauek azpimarratu behar dira: Vicomtech enpresako Eduardo Carrascoren “Salud 4.0. Envejecimiento saludable” izenburua daraman hitzaldia -bertan, teknologiak gizarte zahartu batean eman dezaken laguntza jorratu zuen-; edo Stephany Laguna zirujau torazikoak “Impresión de biomodelos” izenburupean emango duen hitzaldia -biomodeloak 3Dn inprimatzeari esker kirurgian gerta-tzen ari diren aurrerapausoak azaldu zituen-. Zibersegurtasuna eta informatikako delituak, 4.0 Gastronomia edo biki digitala izenekoa izan ziren beste gai batzuk.