2023an tesia defendatu zuten 512 doktore berri izendatu zituzten joan den maiatzaren 24an Euskal Herriko Unibertsitateko Areto Nagusian egindako ekitaldian. Eva Ferreira errektorea izan zen ekitaldiaren buru, eta Gotzone Barandika Doktorego Eskolako zuzendariak eta Eva Portillo idazkari akademikoak ere parte hartu zuten ekitaldian. Rosa María Hernández Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko irakasleak irakurri zuen "Nanomedikuntza: gaixotasunen tratamendurako aliatua".
Eva Ferreira “Esparru profesionalean, balio erantsia da doktorea”, adierazi zuen Eva Ferreira errektoreak. “Eta errealitate hori, beste herri garatuetan inork zalantzan jartzen ez duena, oraindik onartzeko dago gurean. Estali beharra dago gabezia hori: gizartean dagokion lekuan jarri behar dugu doktorea. Horrela baino ezin du aurrera egiten jarraitu ezagutzan eta berrikuntzan oinarrituriko gizarte batek”, erantsi zuen.
Beste aldetik, Barandikaren hitzetan, "doktoregoko ikasleen kopuruak gora egin du azken urteetan", eta "Doktorego Eskolako 4.000 ikasleetatik, lehen aldiz, nazioarteko mila ikasle baino gehiago ditugu, 100 herrialde baino gehiagotatik etorritakoak".
Gainera, Barandikak Lanbidek eskaintzen dituen doktoreen enplegagarritasun-datuak azpimarratu zituen; erakundearen txostenaren arabera, "enplegu-tasa eta enplegu egokitua % 95etik gora daude ezagutzaren adar guztietan". Era berean adierazi zuen, Confebaskek egindako ikerketa baten arabera, "euskal enpresek 1.165 doktore kontratatzea aurreikusten dute 2024an". UPV/EHUko Abesbatzaren emanaldiarekin amaitu zen ekitaldia.
Tesien irakurketaren goranzko joera
Ikasturte honetan, 2023an tesia defendatu zuten 512 doktore berri inbestitu ziren guztira; horietatik % 49 emakumeak ziren (251) eta % 51 gizonak (261). Nazioarteko tesia irakurri zuten 225 doktoregaik (% 44), 58 euskaraz aurkeztu ziren eta 30ek aipamen industriala lortu zuten.
Ezagutzaren adarrari dagokionez, tesien % 30 Zientzietan defendatu ziren, % 26 Gizarte eta Lege Zientzietan, % 21 Ingeniaritza eta Arkitekturan, % 15 Osasun Zientzietan eta % 8 Arte eta Humanitateetan.
Azken urteotan UPV/EHUn irakurritako doktorego-tesien kopuruak goranzko joera erakusten du; izan ere, azken hiru urteetan, % 18 igo da: 424 tesi irakurri dira 2021ean; 462, 2022an; eta 512, 2023an.