Joan den urriaren 1ean Ezkutuko talentua izeneko jardunaldia egin zen streaming bidez, Ikaslan Bizkaiak sustatu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, talentuak produkzio-ehunean duen egoera aztertzeko helburuarekin. Emakumeei eta Lanbide Heziketako tituludunei arreta berezia eskaini zien.
Ana Saratxaga (Amore Paper), Miren Gutiérrez Inchaurza (Ormazabal distribución secundaria enpresako gizakapitaleko arduraduna), Mireia de Diego Ibañez (De Diego SLko gerentea), Leire Mendibe (Egoin Taldeko giza baliabidetako zuzendaria) eta Fábia Silva (Dronak enpresako zuzendari-kudeatzailea) zuzendariak izan ziren jardunaldiari hasiera eman zion mahai-inguruko protagonistak. Eta, hasteko, talentua zer den definitu zuten.
“Jokoan gehiago jarri eta emaitzak jokabide behagarrietan oinarrituta eskuratzeko gaitasuna ez dago inoren monopoliopean, edozein pertsonari aplika dakioke”. Miren Gutiérrezek baieztapen horren bidez laburbildu zuen hizlariek talentuari buruz duten pertzepzio partekatua. Haien ustez, talentua gaitasuna eta trebetasunak dira, baina baita ikasteko eta inplikatzeko gogoa ere; azken finean, ekarpenak egiteko gogoa” azpimarratu zuen Mireia de Diegok.
Ana Saratxagak esan zuen bezalaxe, prestutasun horrek esfortzu bikoitza eskatzen du: batetik, norberarena, beldurrak eta oztopoak gainditu eta ikasteari eta hobetzeari ekiteko; eta bestetik, inguruarena. Enpresek gai izan behar dute banakoek hobetzeko duten gogoa hauteman eta kudeatzeko. Horretarako, testuinguru seguru bat sortu behar dute, zeina gai izango den pertsona bakoitzak barruan daukan onena agerrarazteko.
Komunikazioa funtsezkoa da talentua kudeatzeko. Leire Mendibek jarri zuen mahai gainean pertsonak enpresan integratzeko eta enpresaren etorkizunaren parte egiteko gogoa adierazten duen hitz hori. Fábia Silvak azaldu zuen bezala, komunikazio horretatik banakako ekimenak babestuko dituzten ekintza konkretuak eratorri behar dira, besteak beste, proiektuetan lidergoa hartzea.
Lanbide Heziketa
Ondoren, erakundeetako talentua garatzeko Lanbide Heziketak zer egin dezakeen galdetu zitzaien, eta galdera bera sarrera bikaina izan zen Lanbide Heziketak berak aspalditik iragarri duen gabezia bati buruz hitz egiteko: emakumeen presentzia eskasa STEAM arloetan. Erreferenteek, estereotipoek eta kristalezko korridoreek jarduera jakinetara bideratzen dituzte emakumeak, Ana Saratxagaren ustetan. Gainera, horrek zaildu egiten du industriarekin, zientziarekin edo teknologiarekin zerikusia duten bokazioak sustatzea. Eta hain zuzen, arlo horietan daude lan-baldintzarik onenak. Are gehiago, Lanbide Heziketaren kasuan, arlo horietako zikloek dute lan-merkaturatze tasarik onena. “Ezinbestekoa da LHk errealitate hori ikusaraztea”. Leire Mendibek ere aldarrikatu zuen LHren eta enpresaren arteko lotura hori.
Alabaina, bokazioak txiki-txikitatik jorratzen dira. Ana Saratxagaren ustez, zabalkundea eta sustapena funtsezkoak dira zer ikasi erabaki aurreko fasean. Eta sakon errotu dadin, ezinbestekoa da hizkeraren, plataformen eta gazteen erreferenteen bidez egitea hori: “aldatu egin da gazteak erakartzeko modua, eta, beraz, komunikatzeko modu berrietara hurbildu behar dugu”.
Bost zuzendariek uste dute gizarteak oraindik ere aurrerapausoak egin behar dituela emakumeen talentua STEAM arloko enpresetan sartu eta ikusgai egon dadin. Ildo horretan, uste dute lagundu egin behar zaiela bide profesional horren aldeko apustua egiten duten emakumeei. Laguntza hori prestakuntza-bidean daudenean eman behar zaie, bide hori egin duten emakumeen laguntza-sare baten bidez. Hala ere, horrekin ez da nahikoa: ezinbestekoa da profesionalki jarduten ari direnean ere babestea. Lan- eta familia-bizitza uztartzea, zuzendaritzako karguak hartzea eta emakumeak ahalduntzea dira oraindik STEAM arloan egiteke dauden lanetako batzuk; izan ere, horiek guztiek zaildu egiten dute emakumeen talentua arlo horretan agerraraztea.
Mahai-inguruari amaiera emateko, beren buruengan sinetsi eta ezarritako estereotipoak hausteko deia egin zieten emakume guztiei, pertsonalki eta profesionalki garatzea ahalbidetuko dieten agertoki berrien aldeko apustua egin dezaten.
Jarraian, 50 pertsonatik gora hartu zuten parte Zoom bidezko eztabaidan. Talentuari eta bere kudeaketari buruzko topaketa gehiago antolatzeko gogoeta interesgarriak atera ziren bertatik.
Gainera, jardunaldian Susana González Rómulo Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu zuzendariak, Patricia Campelo Martínez Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak eta Ikaslaneko presidente Eduardo Alzolak ere hartu zuten parte.
Ikaslan Bizkaia
Ikaslan Bizkaia irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Bizkaiko Lanbide Heziketako 27 Ikastegi Publikok osatzen dutena. Maila handiko irakasleak daude elkartean, eta bere helburu nagusia irakaskuntza modernoa eta kalitatekoa ematea da, gaur egungo lan-merkatuaren beharrekin bat datorrena. Era berean, gure xedeen arteko garrantzitsuenetako bat ikasleon giza-heziketa da.
Ikaslan Bizkaia Bizkaiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkartea da. Ikastetxe hauen zuzendaritzaren bidez, bikaintasuna du helburu:
- Administrazioaren eta interes taldeen artean bitartekari lanak eginez.
- Esperientziak partekatuz eta elkarlanean arituz sareko ikastetxeen eta bertako pertsonen artean.
- Ikuspegia: Lanbide Heziketako ikastetxeen sare publiko bateratua izatea. Heziketaren eta enpleguaren erreferente gisa gizartearen aitortza daukan sarea, kudeaketan eta berrikuntzan daukan maila altuagatik.
- Balioak:
- Parte hartzea eta errespetua.
- Gardentasuna.
- Talde lana.
- Pertsonengan konfiantza: seriotasun eta konpromisoaren balioan sinisten dugu, eta aukerak eskaintzen dizkiegu erantzukizunak hartu ahal izan ditzaten.
- Berrikuntza: gauza ezberdinak eginez soilik lortuko ditugu emaitza ezberdinak.