MONDRAGONek modu positiboan baloratu ditu 2018ko emaitzak. Korporazioko kooperatiba guztien artean, aurreko ekitaldiko enplegu-maila gainditzea lortu da: 81.837 langile daude guztira, aurreko urtean baino % 1,2 gehiago, eta nabarmentzekoak dira, bereziki, kooperatiba industrialak, aurreko ekitaldian baino 1.702 lanpostu gehiagorekin itxi baitzuten urtea.
MONDRAGON Korporazioa osatzen duten kooperatibek 11.581 milioi euroko salmentak izan zituzten, aurreko urtean baino % 2,7ko igoerarekin. Berriro ere, inbertsio-zifra nabarmentzen da, aurreko urtean 420 milioi eurora iritsi baitzen oro har. Azken bosturtekoan MONDRAGONeko kooperatiben inbertsioen zifrak 1.989 milioi eurokoak izan dira.
Magnitude horiek, eta aurtengo lehen lauhilekoaren portaerak, alde bilakaera izan duelarik, baikortasun moderatua adierazten dute, nazioartean ziurgabetasuna handia izanik ere.
Industria, sasoian
Banaketa, Finantza eta Ezagutzaren arloetako emaitzak aurkeztu ondoren, orain Industria arloaren balantzea ezagutu da. MONDRAGONeko kooperatiba industrialek 38.722 langile enplegatu zituzten (aurreko urtean baino 1.702 gehiago), eta 2018. urtea 5.922 milioi euroko guztizko fakturazioarekin amaitu dute (+% 6,8); emaitzak, berriz, 230 milioi eurokoak izan dira, aurreko urtekoen antzera, nazioarteko desazelerazioaren ondorioz jarduera batzuetan bilakaera negatiboa izan bada ere.
Industri arloak azken bosturtekoan (2013-2018) enpleguaren esparruan izandako ibilbidea nabarmena izan da: 8.000tik gora lanpostu berri sortzea lortu du, horietatik % 57 gure inguruan.
Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak industri arloaren % 68 dira. MONDRAGONek 141 filial produktibo ditu atzerrian, eta horietan 14.400 lagun baino gehiago enplegatzen ditu.
Gainera, industri arloko barne merkatuaren portaera positiboa salmentetan ageri da ispilatuta; izan ere, salmentek gora egin dute 1.881 milioi euroraino, aurreko ekitaldiarekin alderatuta %11ko hazkundea izanik.
MONDRAGONek berrikuntzaren alde egin duela Ezagutzaren arloan ikusten da argi eta garbi, ekitaldian 175 milioi euro inbertitu baitira I+Gan, hau da, industria arloko guztizko salmentekiko alderatuta, % 3,0. Era berean, Korporazioak 2.018 pertsonari eman zien enplegua, lanaldi osoan, I+Gan. Atal horretan daude txertatuta, hain zuzen, 15 teknologia zentroak eta I+G unitateak. Horrez gain, produktu eta zerbitzu berrien salmentak 656 milioi eurora iritsi ziren, hots, industri arloaren salmenta zifra osoaren % 11.
Indarra patente familietan
MONDRAGONek indarrean dituen patente familien kopurua da, izan ere, datu garrantzitsuetako bat: 496 familia, zinez kopuru handia EAE osoko zifrekin alderatuta. Gainera, kooperatibek 120 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programatan. Europako Batzordeak onartu eta finantzatuta, MONDRAGON Korporazioaren 50etik gora proiektu ari dira gauzatzen une honetan. Gainera, 2018an, Smart fabrikazio aurreratuko Eureka klusterrak, zeina MONDRAGONek eta AFMek gidatzen baitute I+G proiektuak sustatzeko asmoz (lankidetzan oinarritutakoak, nazioartekoak eta merkatutik hurbil daudenak), 20 proiektu onartu ditu, guztira 39,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 10 herrialdetako 104 erakunderen parte hartzearekin.