Berriak

"Mondragon izateari abantailak besterik ez dizkiot ikusten"

Ander Etxeberria Mondragon Korporazioko Hedapen Kooperatiboko arduraduna da. Elkarrizketa honetan, Mondragon egungo krisialdi sozial eta ekonomikoaren aurrean nola ari den lanean agertu digu Anderrek. Horretaz aparte, Mondragon Korporazioak dituen ezaugarri bereziak azaldu dizkigu ere.

Krisiarekin loturiko galderen aurretik, kokatzeko, Mondragon hobeto ezagutu nahi dugu. Mondragon Korporazioa bezalako eredurik aurki al daiteke mundu osoan zehar? Zerk egiten du berezi?
Industria sektoreari dagokionez, Mondragon da munduko talde kooperatibo handiena. Bigarren talde kooperatibo industrialari ateratzen dion aldea ikaragarria da. Mondragonen, kooperatiba industrialekin batera taldekide dira hezkuntza kooperatibak (MU unibertsitatea barne), kreditukoa, kontsumokoa, nekazaritzakoak, zerbitzukoak… Guztira 97 kooperatiba gara eta, munduan zehar banatutako bestelako enpresak batuz, 82.000 langile. Kooperatiben izaera autonomoa da. Elkarrekin gaude nahi dugulako; hobeagoak garelako horrela. Kooperatiba bakoitzeko jabe dira bertako bazkideak, bazkide bakoitzak boto bat dauka eta ordainsari diferentzia erlatiboki txikia da gutxien eta gehien irabazten duten langileen artean. Ezaugarri multzo hori bakarra da munduan.

Ehundaka eta ehundaka lagun dator urtero Mondragon ezagutzera; entzun duten hori, kontatu dioten hori, bertatik bertara egia dela ikustera. Mondragonek funtzionatzen du, kontraesanak (eta ez gutxi) izan arren. Eta eragin positiboa du gizartean. Enpresa kooperatibo asko duen Debagoiena da, adibidez, mundu mailan ezberdintasun ekonomiko baxuenetarikoa duen lurraldea.

Nola eragiten du mota honetako krisialdi batek korporazio batean, eta zehazki Mondragon Korporazioan?
Hainbatetan krisiak sektorialak dira eta, korporazioa esparru diferenteetako enpresez osatua badago (hori da gure kasua), kolpea jasaten laguntzen dute korporazioko kide diren beste negozioek. Oraingo krisia, eta aurrekoa ere, ordea, globala da eta modu batean edo bestean negozio guztietan eragiten du. Horrela, gure enpresa batzuk lan gehiagorekin dabiltza (banaketa, nekazaritza, nagusien zaintza, garbiketa, hornidura…), beste asko gutxiagorekin (automozioa, besteak beste) eta badaude ere, aldaketak aldaketa, antzerako lan jarduna dutenak (atzerrian dauden planta batzuk, batez ere).

Zuen kasuan, nola egin diozue aurre?
Kooperatibek beren larrialdi batzordea eratzeaz batera, Korporazioko zerbitzuek ere krisi kabinetea abiatu zuten hasieratik, besteak beste protokoloak zehazteko eta administrazio publikoez koordinatuta egoteko.

Jarduerari dagokionez, kooperatiba asko ari dira, beraien ohiko lanaz harantzago, krisiaren eraginak arintzeko zereginetan: babeserako biseren fabrikazioa, arropa eta janari donazioak, diru bilketak, arnasgailuek daramaten osagaien fabrikazioa, birusaren krisiari soluzioak bilatzeko ekimena gazteentzat, osasun arlorako amantalen fabrikazioa… Agintarien esku jarri ditugu ere dauzkagun hornidurarako kanalak (batez ere Txinatik produktuak ekartzeko). Era berean, nabarmentzekoa da maskarak fabrikatzeko makinak egiten ari garela.

Lana egiteko moduari dagokionez, segurtasun neurriak zorrotz hartuz izan behar du: NBEak, distantziak, egoera berezientzat adostutako prozedurak… Zenbait kasutan (osasun egoeragatik edo kontziliazio-arazoengatik, adibidez) telelana da formula.

Bestelako bereizgarririk?
Bai. Taldeko enpresei laguntzeko baliabideak ditugu Korporazio mailan. LagunAro EPSVren aldetik enplegu laguntza deituriko prestazioa oinarrizkoa da. Ildo horretan, krisi honetarako propio moldatutako egutegi mugikorra abiatu dugu krisia hasi orduko: orain lan bazkideen orduak galtzen badira, aurrerago sartu ahal izango dira eta, posible ez bada, Lagun Arok konpentsatuko ditu neurri batean. Bazkidetza kontratuaren ordez lan kontratua duten langileekin aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea ezarri dugu.

Bestetik, muturreko kasuetarako kooperatiben zerbitzura Korporazioko funtsak bidera litezke (kooperatibek hornitutako funtsak) mailegu eta abal moduan.

Halaber, krisiari aurre egiteko, hainbat kooperatibetan erabaki dute dagoeneko jaistea soldata/aurrerakinak (hilero jasotzen dugun ordainketa, urteko emaitzei loturik dagoena).

Azkenik, iaz Humanity At Music proiekturako egin genuen abestietako bat, Recordamur vos, etxetik kantatu dugu (eta bideo bat grabatu) pandemiaren biktimak omentzeko. Esker onak eta espresio artistikoak ere beren lekua izan behar dute.

Krisialdi sanitario eta ekonomiko honek eragin ezberdina al du korporazio edo kooperatiba batean, enpresa pribatu batekin alderatuz?
Aldi berean kooperatibako langile eta jabe garen aldetik, errazagoa da guztiok ikuspegi bera konpartitzea eta hori kontuan izanik neurriak hartzea. Kooperatiban naturala da ulertzea ontzi berean goazela denok. Horretan garrantzi handia dauka komunikazioak, are gehiago ziurgabetasuna nagusi den egoera batean. Organoen (bereziki, kontseilu errektore, zuzendaritza batzorde eta kontseilu sozial) eta gainontzeko langileen arteko kontaktua zenbat eta aberatsagoa izan, hobe. Modu berean, etengabea da zerbitzu komunetatik kooperatibetara bideratzen dugun informazioa buletinen bidez adibidez.

Bestetik, talde bezala, aurreko puntuan aipatutako neurriak dauzkagu krisia arintzeko.

Zein abantaila eta desabantaila ditu korporazio honek egoera honetan beste enpresekin alderatuz?
Mondragon izateari abantailak besterik ez dizkiot ikusten. Orokorrean, munduan enpresen biziraupena altua ez bada ere, gure Korporazioan hainbat kooperatibek dute hogeita hamar urtetik gora. Zergatik? Taldearen babesarekin aurrera egin dutelako.

Korporazioak urteetako ezagutza batzen du egoera larriei nola aurre egin jakiteko. Beste krisi batzuetan aplikatutako neurriek (praktika onak direla eta neurri ekonomikoak direla) erakusten digute nondik eta nola jo dezakegun. Eta, edozein kasutan, Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren sortzaileak, Arizmendiarrietak, zioena presente dugu: unea gogorra eta zalantzaz betea bada ere, “beti aurrera!”.

Nola uste duzue izango dela zuen kasuan susperraldia-errekuperazioa?
Errekuperazioa etorriko da ez hasiera batean esan zen V forman, baina ezta ere U itxurarekin. Uste dugu han eta hemen deskonfinamendua burutu ahala normaltasun berrira ohitzen joango garela, gutxinaka animoak gora egingo du, gauzak beste modu baten ikusten hasiko gara eta hori (ere) kutsatuko da. Edonola ere, eta konturatuta krisia gehien pairatzen dutenak herrialde eta kolektibo pobreenak direla, asteotan alde batera geratu den Garapen Iraunkorrerako Helburuen dinamikak berriro lekua hartuko du.

Uste al duzu honen ondoren lan egiteko modu berri bat sortuko dela?
Bai, seguruenik ez dira etorriko krisiaren zurrunbiloan gaudela esaten diren aldaketa guztiak birusaren arriskuari neurria hartuko diogulako. Oreka berri batera iritsiko gara, non honelako jokaerak egongo baitiren: gripe zantzua izanez gero etxean geratzea, higienearekin lotutako portaerak (gel eta maskaren erabilpena, lekuen desinfekzioa…), lantokietan gertu gertuko presentzia gutxitu dezaketen prozedurak hedatuko dira, bezero, ikasle, hornitzaile eta bestelako agenteekin bideokonferentziazko harremana ohikoagoa bihurtuko da, on line formazioa gehiago erabiliko dugu…

Orain, adibidez, gai konkretu bati eman behar diogu erantzuna kooperatiba guztietan: nola egin urteroko Batzar Nagusiak kooperatibetan. On line sistemak gehitzekotan gaude.

Aldatu al dira, honen ondorioz, Mondragon Korporazioak zituen etorkizunerako erronkak?
Mondragoneko kooperatiba guztiak urtean behin elkartzen garen batzarra, Kongresua, uztailean egingo dugu, aurreikusita genuenez. Aurten bozkatuko ditugun erronkak (datozen urteetarako nolabaiteko Plan Estrategikoa) hilabeteak dira lantzen ari garela eta mantentzen ditugu. Horien artean daude iraunkortasuna Garapen Iraunkorrerako Helburuen harian, eraldatze digitala eta talentua erakartzea eta garatzea.

Nola egiten dio aurre Mondragon Korporazioak eraldatze digitalari?
Aipatu bezala, Mondragoneko Kongresura doan ardatz estrategiko bat da, hain zuzen ere. Kooperatiba bakoitzean egin nahi dugu diagnostiko bat eta horretan oinarritu eraldaketa plan bat hainbat osagai kontuan hartuko dituena: automatizazioa, mantentze prediktiboa, datuen analisia erabakiak hartzeko edota zerbitzu berriak eskaintzeko... Guztira, helburua dugu jarduera berriak eta lanpostu berriak sortzea.

Jakina, horrek guztiak konpetentzia berriak eskatuko dizkigu. Ondorioz, formazioa areagotu behar dugu maila guztietan eta baita talentua erakarri ere.

Krisialdiaz aparte, zer aurkituko du pertsona batek Mondragon Korporazioan lan egiten hastean?

Mondragoneko enpresetan izaten ditugu lanpostu exijenteak, puntako teknologiaz hornituta eta asko dakiten lankideen gertutasunarekin. Berezitasun bat topatuko du ere kooperatibara batzen den lagunak: pertsonak ez gabiltza lanean gutxi batzuk aberasteko, baizik eta taldea aberasteko (gizartea aberasteko). Izan ere, adibidez lehen aipatutako ordainketa diferentzia erlatiboki estuari esker, kooperatibek ezberdintasun baxuagoko gizartea garatzen laguntzen dute.

Ulertzen dugu enpresek ez dutela soilik alderdi ekonomikoa, gizarte batean kokatuta daude eta bertako partaide izan behar dute. Mondragon Korporazioan urteak eta urteak daramatzagu bide horretan lanean eta biziki betetzen gaitu.

Multimedia

GLOBAL SCIENCE NAFARROA

Ikasi Nafarroan egiten den zientzia, SINAI

Daisy Wang, Representing the World Digital Economy Forum in Europe

Smart & Green Ikastaroa Fundazioa EHUko udako ikastaroak

Iraunkortasun aplikatuaren haustura, hezkuntzaren, teknologiaren eta hiriaren bidez mundua aldatzeko. EMOZIOTIK ERALDAKETA DIGITALERA

Zeren zain zaude? Eman izena

https://www.uik.eus/es/curso/smart-green-disrupzion-jasangarria-apena-mundua zehar-hezkuntza-teknologia

Jorge Toledo. EBko enbaxadorea Txinan

Europako Eguna Txinan  

BISITA - TXARTELA

Blockchain Errioxaren jardunaldia

Montse Guardia Güel, Eduardo Aginako, Luis Garvía eta Javier Sánchez Marcos

Facebook edo erronka handiak

"Marten koloniak promes egin zenizkidaten; horren ordez, Facebook lortu nuen".
Berri gehiago

Geure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu nabigazio-esperientzia hobetzeko.
Nabigatzen jarraitzean, ulertzen dugu gure cookie-politika onartzen duzula.