Vitoria-Gasteizko Udaleko 200 langile baino gehiagok jarduera-eskumuturrekoak jaso zituzten, mundu mailan aitzindaria den proba batean parte hartzeko; ikerketaren helburua da loaren kalitatea hobetzen lagunduko duen laguntzaile birtual bat sortzea. Neurgailuaren inguruko trebakuntza jaso zuten boluntarioek eta saiakuntzari lotutako baliabide elektronikoak erabiltzen ikasi zuten. Era berean, behar izanez gero Loaren Unitateko medikuekin harremanetan nola jarri azaldu zitzaien.
Prozesu hori amaitu ondoren, urtebete iraungo duen landa-lanari ekin zitzaion. Horretarako, lagina ausaz hautatutako 101 pertsonako bi talde paralelotan banatu zen hasieratik: bata ikerketa-taldea zen; bestea, kontrol-taldea. Ikerketa-taldeko kideek kontsulta birtuala izan zuten astean behin Osakidetzako Loaren Unitateko medikuekin, zuzeneko online txat baten bidez, zalantzak argitu eta aholku eta gomendio pertsonalizatuak emateko helburuarekin. Parte-hartzaileen beste erdiak ez du ¨live-chat¨ sistema horretaz baliatzeko aukerarik izango mediku-taldearekin komunikatzeko. Halaere, haien jarduera-eskumuturrekoen datuak astero aztertuko dira.
Saiakuntzako 202 parte-hartzaileak 18 eta 65 urte bitarteko gizon eta emakumeak ziren, osasuntsuak, gutxi edo gaizki lo egiten dutenak, eta loaren arloko patologiarik diagnostikatu edo tratatu gabekoak. Hautatuak izateko, aldez aurretik galdetegi bati erantzun behar izan zioten, eta ezarritako sartze- eta baztertze-irizpideetara egokitu. Prozesu horretan Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko taldeak lagundu du, eta lan handia egin du boluntarioak aurkitzen eta baliabideak antolatzen, besteak beste.
Lan zientifikoari proiektuaren bazkide teknologikoena gehitu behar zaio. Izan ere, puntako enpresa horiek hainbat arlotan adituak dira, hala nola gailu elektronikoen bidez datuak neurtzen, Loaren Unitatearen eta monitorizatutako pertsonen arteko komunikazio-sistema garatzen, edo loari buruzko gomendioak ematen dituen ikaskuntza automatikoko sistemaren konfigurazioan adimen artifiziala erabiltzen. Hori guztia dela eta, Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektua Vitoria-Gasteiz Green Deal delakoaren ekintza nagusietako bat da, hiriaren etorkizunaren aldeko ituna, eta ekonomia berdean, kohesio sozialean eta ingurune naturalaren babesean oinarritzen dena.
“Udalaren, gure osasun-sistemaren, ikerketa zientifikoaren eta puntako teknologia garatzen duten enpresen arteko lankidetzaren adibide paregabea da hau. Honelako adibideei esker, Gasteiz tamaina ertaineko hirien buruan kokatuko da, dagoeneko hasi dugun ekonomia berderanzko trantsizioan.
Osasunak gero eta paper garrantzitsuagoa izango du eredu ekonomiko berri horretan, eta gure hiriak, Loaren Unitateko langileak bezalako profesionalak egiten ari diren lan bikainari esker, erreferentziazko posizioa lortzeko osagai onenak ditu”, adierazi zuen Gorka Urtaran alkateak Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektuaren aurrerapena aurkezteko prentsaurrekoan. Berarekin batera, Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionaleko buru eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaile Carlos Egea, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko administratzaile Saray Fanega, eta ekimeneko laguntzaile Luis Miguel Arconada futbolari ohia egon dira.
Biorabatik azpimarratu dute ekimenak gizarte-itzulkin garrantzitsua izan dezakeela. “Ikerketa Institutu garen aldetik, gure egitekoa da ikertzaileei, esaterako, Carlos Egeari eta bere taldeari, eta osasun, zientzia eta arlo akademikoko beste hainbat eragileri laguntza ematea, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak egin ditzaten, betiere ahaztu gabe proiektu horiek eragina izan behar dutela pazienteengan edo herritarrengan, kasu honetan bezala. Eta horren adibide ona da Sleep Smart City”, berretsi du Saray Fanegak.
Antzeko hitzak esan ditu Carlo Egeak. Bere aburuz, “loaren kalitate txarra areagotzen ari den arazo bat da, eta, besteak beste, bizimoduarekin, estres psikosozialarekin, dieta desorekatuarekin eta jarduera fisiko ezarekin du zerikusia”.