Azken 4 urteetan ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko lanean gabiltza. Eta zer den hori? Bada, tokiko komunitateko (auzoa, herria, eskualdea...) beharretatik abiatu eta komunitatean saretzen den ekintzailetza-eredua da. Ekintzailetza-eredu neoliberalaren logikatik aldendu eta (sozio)ekonomia bizitzaren eta pertsonen beharrak asetzera bideratzea jartzen du erdigunean.
Bi klabe nagusitan eraikitzen da eredu hau, hortaz: batetik, kooperatibagintza, eta berekin dakartzan balioak (gizarte eraldaketarako bokazioa, interkooperazioa eta lankidetza, izaera kolektiboa, parte-hartzea, etab.) oinarrian daude; eta, bestetik, garapen komunitarioa.
Urola Kostan eta Zarautzen badugu hainbat erronkari modu eraldatzailean erantzuteko beharra: zaintza, etxebizitza, elikadura, turismoa, etab. Eta, azken finean, lan duinak sortzeko beharra.
KoopFabrika programa (www.koopfabrika.eus), hain zuzen ere, argi baitugu tokiko ekosistema kooperatiboak eraikitzeko subjektua eta tresnak behar ditugula. Bertan, formazioa, tresnak, saretze-ekimenak, erreferentziazko proiektuetara bisitak eta akonpainamendu pertsonalizatua da eskaintzen dena.
Beraz, eskualdeko beharrei erantzuten hasteko eta proiektu zein bizitza bizigarriak lantzeko, eman izena Koopfabrikan! #BadagoAldea
Informazio-iturria (argazkia barne): zarauzkohitza.eus