Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordeak, Bizkaiko sei ikastetxeko zuzendarirekin eta Berritzeguneko ordezkariekin batera, Euskadiko Irakurketa Estrategia aurkeztu zuen otsailaren 14an Bilbon. Irakurketa Estrategiaren betekizun nagusia ikastetxe batean irakurketaren tratamendua antolatzea eta artikulatzea da, irakurle konpetenteak eta onak prestatzeko. Estrategia sendotu bada ere, lan-ildoa ez da berria; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2018an laguntza- eta babes-baliabideen multzo bat jarri zuen Euskadiko hezkuntza-komunitatearen eskura. Ikasleen irakurmena hobetu eta irakurzaletasuna bultzatzea helburu, ikastetxe bakoitzak bere errealitatetik abiatuta Irakurketa Plan propio bat diseinatu zuen, aldiro-aldiro egokitzea behar zuena. Egokitze-fase horretan kokatzen da aurkezten den estrategia berritua.
Orain, proiektu berri eta zehatzen bitartez, irakurketa sendotzera dator estrategia eguneratua. Gobernantza propioak pisua dauka eskola bakoitzak irakurketari lotutako helburuak aztertu, moldatu eta ondorengo balorazioak egiteko eta eskuhartzeko erabakiak hartzeko. Ez hori bakarrik, familiek ere berebiziko garrantzia dute; estrategian aipatzen dira familien eta irakasleen arteko elkarlana, familiek irakurtzeko motibazioan duten eragin zuzena eta ikasleen gurasoen elkarteek edo inguruko baliabideek, liburutegiek adibidez, duten zerikusia.
“Irakurlerik gabeko hizkuntza ez da garatuko; eta, beraz, ahitu egingo da” Miren Billelabeitia, 2023ko Saiakera Euskadi Literatur Sari, idazle eta irakaslearen hitz horiek hartzen ditu abiapuntu Irakurketa Estrategiaren testu berriak. Ideia horretan oinarrituta Pedrosa sailburuordeak azaldu zuen irakurtzea oinarrizkoa dela hizkuntzaren eta hezkuntzaren garapenean, “ikasleek gai izan behar dute era askotariko testuak ulertzeko eta interpretatzeko. Ikasleek gaitasuna izan behar dute informazioa jaso, gogoeta egin eta mezuak transmititzeko”. Estrategia honek ikaslea jartzen du ekintzaren ardatz, bera izango da protagonista, bere zereginetan autonomia lortzea baita helburua.
Hezkuntza Legearekin lerrokatuta
Oinarrizko Hezkuntzan ezartzen dira hezkuntzarako bizi guztirako oinarri sendoak, irakurtzen ikastea kasu, irakurketa funtsezkoa da ikasteko prozesuan, curriculumaren arloetako informazioa eta ezagutza eskuratzeko aukera ematen du, pentsamendu kritikoa pizten eta gaitasun kognitiboa hobetzen du. Bizitzako edozein esparrutan arrakasta izateko funtsezko trebetasunak garatzen laguntzen du. Hizkuntza eta komunikazioa garatzen ere laguntzen du; hiztegia zabaltzeko eta gramatika eta ortografia hobetzeko aukera ematen baitu. Hain oinarrizkoa izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 Legearekin bat eraberritu da Irakurketa Estrategia. “Irakurtzen ikasten laguntzea da ikasle bati egin dakiokeen oparirik handienetako bat” aitortu zuen Hezkuntza sailburuordeak.
Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren baitan, Ikastetxeko Irakurketa estrategia funtsezko ardatzetako bat izan beharko da. Ikastetxeak ondo zehaztutako programazio bat behar du, curriculum-arlo guztietatik irakurketaren tratamenduari aurre egingo diona, ikasleei irakurketaren oinarrizko prestakuntza bermatuko diena eta etorkizuneko garapenaren oinarriak irakurle trebe gisa jarriko dituena.
Gozamena, komunikazioa, ikastea
Ikastetxearen irakurketa estrategiak ondorengo helburuak lortu behar ditu:
a)Irakurtzeko konpetentziaren garapena sustatzea.
b)Ikasleek norberaren gozamenerako elementu gisa irakurtzeko duten interesa piztu, areagotu eta sendotzea.
c)Estrategiak ematea eta indartzea curriculumaren arlo guztietatik, ikasleek irakurketarako komunikaziorako trebetasunak gara ditzaten eta ikastetxean eta ikastetxetik kanpo arrakastaz moldatzeko gai diren subjektu gisa presta daitezen.
d)Ikasleek estrategiak eta teknikak ikastea, tipologia askotarikoa testuak irakurtzeko, interpretatzeko, eta informazio garrantzitsua bereizteko hainbat euskarritan.
e)Ikastetxeko liburutegiak benetako baliabide-zentro bihurtzea, euskarri desberdinetan, ikaskuntzarako eta irakurketaz gozatzeko.
f)Hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa lortzea irakurtzeko ohitura eta zaletasunaren mesedetan.
Horiek guztiak lortzeko, Irakurketa Estrategia dokumentu egonkor eta irekia da. Irakurketaren tratamendua ikastetxeko proiektu izatera pasatu da, beti ere, Hizkuntza Proiektuaren barruan, ikastetxeko Hezkuntza Proiektuarekin bat etorrita, behar bezala koordinatua eta egituratua, klaustro osoak ezagutzen eta betetzen duena.
Zailtasunak goiz detektatzeko tresna
Ikasteko zailtasun espezifikoak goiz detektatzeko, identifikatzeko eta esku hartzeko prozedura da estrategia honek dakarren tresna berrietakoa. Ikasteko zailtasunak goiz detektatzean datza, dauden zailtasunak ezagutu, jorratu eta arazoei aurrea hartzeko aukera ematen du. Horrela ikasleen garapen akademikoa eta pertsonala bermatu ahal izateko.
Ikaskuntza- nahaste espezifikoak goiz detektatzea, -hala nola dislexia, diskalkulia eta beste-, ezinbestekoa da esku hartzeko eta errendimendu akademikoa hobetzeko. Ikaskuntza-zailtasunak goiz detektatuz gero, posible da ahalik eta arinen ikasleei beharrezko laguntza ematea ahalmen akademiko eta pertsonal osora iristeko.
Detekzio-prozedura hori balidatzeko, 30 ikastetxerekin pilotatze lan bat egin dute (2022- 2023 ikasturtean LH1. mailari dagokiona pilotatu zuten eta 2023-24 ikasturtean LH 2. mailari dagokiona pilotatzen ari dira).
Irakurketa neurgarri
2021-2022 ikasturtearen geroztik proiektu pilotu bat jarri zuen martxan Hezkuntza Sailak: Guztira 152 ikastetxe pasatu dira prozesutik. Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleen irakurketaren errendimendua modu erraz eta praktikoan ebaluatzeko. Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (Instituto Vasco de Evaluación e Investigación Educativa) diseinatu du tresna hori, Berritzegune Nagusiarekin lankidetzan. 2023-2024 ikasturtetik aurrera. Datorren ikasturtetik aurrera, eskuhartze berezituak egongo dira egindako ebaluazioaren ondorioz eta ikastetxe guztietara irekiko dute.
Irakasleek neska-mutilei egin diezaioketen bakarkako proba da, bi zatitan egiten dena. Lehenengo zatian, ikasleak ozen irakurtzen du ematen zaion testu bat eta entonazioa, abiadura eta irakurtzeko gaitasuna neurtzen ditu irakasleak. Ondoren, galdera-sorta bati erantzun behar dio ikasleak ulermena ebaluatzeko batik bat. Aplikazioak bi frogetako emaitzak batu eta grafiko batean, trebetasun bakoitzaren garapen-maila islatzen du, ikaslearena, gela osoarena eta mailarena. Horrela, ikastetxeak informazio hori duenean, datuak aztertu, dagozkion ondorioak atera eta beharrezko neurriak hartuko ditu.