Prestatzen joan beharko dugu pixkanaka-pixkanaka. Gure etxeak, gure autoak eta abarrak geroz eta adimentsuagoak izango dira, gure mugikorrari lotuta egongo baitira, etenik gabe, gure zalantza eta galderei erantzuteko. Bide horri jarraiki, HomePod delakoa aurkeztu du Applek. Aipatua, bozgarailua izateaz gain, Siri laguntzaile adimentsuari konektatuta dago.
Horrela, goizetan dutxara sartu aurretik, “Reproduce mi canción favorita” edo “Play my favorite song” esatearekin, berehala jarriko du Ruper Ordorikaren 'Martin Larralde' edo Ken Zazpiren 'Ilargia', edo dena delako abesti hori, maite duzuna. Zentzu honetan, aipatu behar da Sirik oraindik ez dakiela euskaraz.
Applek gailu zuri garbietara eta diseinu minimalistetara ohituta gauzkanez, gailu berri hau ez zaizu horren berria egingo. Ez behintzat begietara. Barrenean daraman txipa ere ez, bide batez, Iphone 6ak eta 6 Plusak zeraman berbera baita: A8 izenekoa. Siri laguntzaile adimentsua beste maila batean kokatzeko sortu dute Tim Cook eta enparauek HomePod berri hau. Cookek aurkeztu zuen HomePod etxeko laguntzaile eta bozgorailu adimentsua.
Zugatik zer?
Baina egiazki zer egin dezake HomePodek zugatik? Lehenik eta behin, bozgorailu adimentsua denez, jartzen duzun lekuan jartzen duzula, soinua zure gelaren arabera moldatuko du. Nola egiten duen? Bada, barrenean daramatzan sensore batzuren laguntzarekin zure gelaren forma eta berezitasunak aztertuko ditu, nahi ez diren soinuak ezeztatu eta uhinak moldatzeko.
Bigarrenik, Siri beti adi eta prest izango duzu. Gailuak 6 mikrofono ditu, zauden lekua edozein dela ere, Sirik gela osotik entzun zaitzan.
Homekit, Applek sortutako etxeko domotika sistemarekin bateragarria da HomePod ere. Beraz, ahotsaz aginduta berogailuak, argiak edo aire girotua piztu, itzaldu eta erregulatu ditzakegu. HomePod gailuari telebista itzaltzeko eskatu eta itzali egingo du alegia.
Bestetik, Streaming musika aplikazioekin konektatuta egonen denez, gailuari gure abesti kuttuna jartzeko eskatu eta berehala jarriko du.
Amaitzeko, bat erosi ordez, bat baino gehiago erosita, haririk gabeko konexioz sinkronizatu di-tzakezu, etxe guztian musikaz eta aurretik aipatu zerbitzuez gozatu ahal izateko.
AEBtan 349 dolarreko prezioan jarriko dute salgai.
Konpainiak gudan
Telefono eta ordulari adimendunen ostean, bozgorailu adimentsuak (smart speakers) bihurtu dira azkenaldiko gadget modernoena. Konpainia handien arteko guda ere eremu honetan emango dela dirudi datozen hilabeteetan. Echo (Amazon), Home (Google) edo HomePod (Apple) bezalako gailuak izugarri ezagun egingo zaizkigu oso denbora laburrean. Izan ere, Interneteko erraldoiek jakin baitakite, etxeko laguntzaile eta bozgorailu hauek izango direla euren produktuetara iristeko sarrerarik zuzenena. Amazon, Google zein Apple merkatua irabazten saiatzen ari dira, nitxo berri honetan lehenengoak izatea oso garrantzitsua delako, nahiz eta ardura horretarako prezioak jaitsi eta hasieran dirua galdu behar badute ere. Hasi da norgehiagoka.
Oraindik ere ezezagun samarrak dira gure artean, baina garbi izan epe labur-ertainera gure etxeetako gailuen artean izango ditugula bozgorailu adimentsuak, euren ahots-errekonozimenduarekin eta euren laguntzaile domestikoekin. Euskal Herrian oraindik ere larregi igarri ez badugu ere, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan azken gabonetako oparirik bilatuenetakoak izan dira. Gainera, merke samar egon dira. Normalean, Eguberri garaian, produktu gehienen prezioak igo egiten diren arren, kasu honetan aurkakoa gertatu da: bozgorailuak merkeago egon dira, konpainia handiek merkatua bereganatzeko duten interesarengatik.