“Gure esku dago datorrenari aurre egiteko ahalik eta ondoen prestatzea. Eta zenbat eta ahalegin handiagoa egin gure gazteen trebakuntza hobetzeko, eta gure enpresen lehiakortasuna bultzatzeko, orduan eta prestatuago egongo gara etorkizunerako”.
Vicente Atxa errektoreak Mondragon Unibertsitateak aurrean duen erronka hori nabarmendu zuen irailaren 13an Oñatiko Enpresagintza Fakultateko campusean egin zen 2019-2020 ikasturtea irekitzeko ekitaldi ofizialean. Atxak bigarren agintaldia izango du Mondragon Unibertsitateko buru gisa.
Errektorearekin batera, ekitaldia ofizialki ireki zuen Iñigo Urkullu lehendakaria, aurreko ikasturteko txosten akademikoa aurketzen zuen Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacoba eta hasiera-hitzaldia eskaini zuen Eduardo Castellanos doktorea egon ziren. Halaber, bertan izan ziren ere Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Mikel Alvarez Mondragon Unibertsitateko presidentea, politika eta akademia arloetako beste agintari batzuekin batera.
Ikasturte honetan unibertsitateak aurrean dituen hiru erronka eta mugarri nagusi azpimarratu zituen errektoreak. Bat datoz Euskal Unibertsitate Sistemaren Planarekin eta eragin positiboa izan nahi dute giza garapen jasangarriaren eredu bihurtuko den Euskadiren eraikuntzan. MONDRAGONeko mugimendu kooperatiboaren hasierako helburua izanik hau.
Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateko errektoreak nabarmendu zuenez, “hiru horiek dira gure erronka nagusiak: gazteen ikaskuntzaren hobekuntza, etengabeko formazioa eta goi mailako ezagutzaren sorkuntza eta bere transferentzia enpresa modu arin eta eraginkorrean”.
Euskadiren etorkizuna gazteen goi mailako formazioa eta ikerketa, herrialdearen estrategiarekin lerrokatuta egon behar direla konbentzituta egonik, Mondragon Unibertsitateak helburu bezala jarri dio bere buruari, gure herriaren eraiketan eragile giltzarria izatea. Errektorearen esanetan, “herrialde batek, lehiakorra izango bada, gazte eta profesional trebatuak behar ditu. Eta horretarako, ikaskuntza maximizatu behar dugu hezkuntza-maila guztietan, eta, nola ez, unibertsitatean”.
Haren iritzian, ezagutza, teknologia, industria eta merkatuak mende honetan hain konplexuak bilakatu direnez, “ezin ditugu gazteak aurreko mendeko modu berean prestatu, hori geure buruari traizio egitea litzateke, historiaren eta aurrerapenaren erlojua atzeratu nahi izatea. Eta herrialde gisa lehiakide izango ditugun beste batzuek ez dituzte haien erlojuak geldituko; gazteen ikaskuntza aldatu eta hobetu egingo dute, horretan ari dira. Beraz, jarrai dezagun guk ere aurrera; berritu dezagun goi-mailako prestakuntza, unibertsitate-prestakuntza”, adierazi zuen errektoreak.
Bizitza osoko prestakuntzari dagokionez, Mondragon Unibertsitateko errektoreak uste du unibertsitateak erantzun egin behar diela bai enpresek eta erakundeek aurkituko duten egoera demografiko eta laboralari, eta bai egoera horretara egokitzeko profesionalek konpetentzietan eta gaitasunetan behar izango duten moldaketari.
Gizarteak aurrean duen egoera demografikoa kontuan hartuta, zenbait profesional ordeztea zaila izango dela adierazi zuen. Haren esanetan, “enpresa askotan kostatuko zaigu profesional batzuk ordezkatzea. Eta ezin dugu onartu jardunean dauden pertsonak atzeratuta gelditzea lanpostu berriek eskatuko dituzten gaitasunetan”. Uste du enpresekin eta administrazioekin batera etengabeko prestakuntzako programak garatu beharko direla, dagoeneko lan-merkatuan dauden pertsonen enplegagarritasuna ziurtatu eta hobetzeko. “Mondragon Unibertsitatean 7.000 profesional baino gehiago trebatzen ditugu urtean; baina, profesional horientzat programa ofizial eta titulu propio gehiago diseinatzen jarraituko dugu, gero eta programa espezializatuagoak eta konplexuagoak sortzeko helburuarekin, eta teknologia berriak erabili beharko dira horiek garatzeko”.
Errektoreak tarte berezia eskaini zion ikerketari: “gure enpresei maila globalean lehiakorragoak izaten lagundu nahi badiegu, gu ere globalagoak izan behar gara. Gehiago nazioarteratu behar gara bai formazioan eta baita ere ikerketan. Handitu eta maximizatu egin behar dugu gure ikerketak eta berrikuntzak enpresa-sarean duten inpaktua”, azpimarratu zuen.