Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Eusko Jaurlaritzak ezohiko ikasturte hasiera honetarako onartu dituen neurri nagusiak iragan abuztuaren 28an iragarri zituen. Hezkuntza eta Osasun Sailek aztertu eta definitu dituzten neurriak Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (LABI) Lehendakaritzan egin zuen bileran azaldu ziren, eta hezkuntza-eragileei eta ikastetxeei bidali zitzaizkien.
Pandemiaren bilakaeraren ondorioz, “Ikastetxeetan koronabirusaren aurrean jarduteko Protokolo Orokorra. (2020-2021 ikasturtea)” dokumentuan jasotako zenbait jarduera eta neurri eguneratu egin behar izan ditu Eusko Jaurlaritzak. Protokolo hori ikastetxeei eta hezkuntza-komunitateari bidali zitzaien ekainaren amaieran eta, handik gutxira, “Lan-arriskuen prebentziorako neurriak EAEko ikastetxeetan, COVID-19ren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko” dokumentaua bidali zitzaien. Eusko Jaurlaritzak orain hartu dituen neurriek dokumentu horietako eduki batzuk eguneratu dituzte, hezkuntza-etapak eskolara hasteko datak zehazteaz gain. Ikastetxeentzako errefortzuak identifikatu dituzte ere.
Hasteko datak
Aurtengo ikasturtearen hasierarako onartutako eskola-egutegiak irailaren 7tik aurrera izan behar zuen hasiera orokorra. Baina pandemiaren bilakaerak geletarako itzulera mailakatua izatea gomendatzen du. Horrela, egutegia honela geratzen da ezarrita:
- Haur eta Lehen Hezkuntza eta DBH 1 eta 2: ikasturte hasiera irailaren 7tik aurrera (ikastetxe bakoitzak aurrez ezarria zuen egutegiaren arabera).
- DBH 3 eta 4, eta Batxilergoa: ikasturte hasiera irailaren 15ean.
Lanbide Heziketari dagokionez, tailerrak eta lantokietako praktikak antolatu beharra dela-eta, ikasleak irailean zehar bueltatuko dira, honako egun hauetan hasita:
- Goi-mailako Lanb. Heziketa:
- 2. maila: irailak 14
- 1. maila: irailak 16
- Erdi-mailako Lanb. Heziketa:
- 2. maila: irailak 21
- 1. maila: irailak 23
- Oinarrizko Lanb. Heziketa: Lanbide Heziketako ikastetxeetan ematen bada:
- 2. maila: irailak 28
- 1. maila: irailak 30
- Udalen zentroetan ematen bada:
- 2. maila: irailak 14
- 1. maila: irailak 16
Prebentzio pertsonaleko neurriak
Prebentzio pertsonaleko neurriei dagokienez, ekaineko Protokoloak eta uztailean aurkeztutako Lan Arriskuen Prebentziorako Neurriek jasotzen dituzte dagoeneko funtsezko alderdiak. Hala ere, zenbait neurri zehaztu edota gehitu dira, ikastetxeetako segurtasuna indartzeko asmoz.
Horrela bada, Hezkuntza eta Osasun sailek uste dute garrantzitsua dela maskaren erabilera indartzea. Derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera uneoro erabiltzea, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gorde. Haur Hezkuntzan ez da derrigorrezkoa izango. Irakasleen kasuan, maskara erabili beharko dute beti.
Ikastetxeetan kudeaketa
Ikastetxeei dagokienez, bakoitzak arduradun bat izango du COVID-19rekin lotutako alderdiak lantzeko. Pertsona hori, zentroko zuzendaritzarekin batera, Osasun Publikoarekiko koordinazioaz arduratuko da.
Halaber, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko ESI bat izango du (Erakunde Sanitario Integratua). Ikasle edo irakasle batek COVID-19rekin bateragarria den sintomarik badu, ez du ikastetxera joan beharko. Azkenean kasua baieztatzen bada, ikastetxea bere erreferentziazko ESI-arekin harremanetan jarriko da, eta uneoro Osasun Publikoaren jarraibideak beteko dira.
Egoeraren bilakaeraren jarraipena egiteko, balorazioa egiteko, neurriak hartzeko edo aurreikusitako ekintzak modulatzeko, astero bilduko den Jarraipen Batzorde bat egongo da lurralde bakoitzean, Osasun Publikoak eta Hezkuntza Sailak osatua. Gainera, Hezkuntza-COVID Aholku Batzordea ere eratuko da.
Zerbitzu osagarriak
Eskola-garraioari dagokionez, COVID-19ren aurkako prebentzio-neurrien inguruan indarrean dagoen araudia aplikatuko da, bai eta “Lan-arriskuen prebentziorako neurriak EAEko ikastetxeetan, COVID-19ren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko” dokumentuan jasotakoak ere.
Era berean, gomendagarria da ikasleek autobusean eserleku jakinak edukitzea, autobus bakoitzean garraiatzen diren haurren zerrenda izatea eta hauek autobusean zein lekutan esertzen diren ezagutzea. Ikasle guztiek eta gainerako langileek maskara erabiliko dute uneoro, baina 6 urtetik beherako haurren kasuan ez da derrigorrezkoa, bai ordea gomendagarria.
Jantokiari dagokionez, ikasturtearen hasiera honetan, ikasle kalteberak dituzten ikastetxeetako jantoki-zerbitzua lehenetsiko da, ikastetxeak jantoki-zerbitzuaren eskaintzari buruz hartutako erabakiaren arabera, eta betiere lan-arriskuen prebentziorako neurrietan ezarritako neurriak errespetatuz.