Europar Batasunak finantzatutako SPRING (SPin Research IN Graphene) ikerketa-proiektuaren abiatze-bilera antolatu du CIC nanoGUNEk. Bilera Donostian izan zen joan den azaroaren 7an eta 8an. Ikerketa-proiektuak lau urteko iraupena izango du, eta kide hauez osatuta egongo da: IBM Research, Donostia International Physics Center, Santiago de Compostelako Unibertsitatea, Delfteko Unibertsitate Teknikoa eta Oxfordeko Unibertsitatea. Bileran, proiektuaren abiapuntua ezarri zen.
Europan aitzindari diren sei ikerketa-erakunde horien partzuergoak 3,5 milioi euroko funtsa jaso du Europar Batzordetik. Horizon 2020 FET-Open deialdi guztiz lehiakorrean izan da hautatua; hain zuzen ere, arrisku handiko eta eragin handiko abangoardiako diziplinarteko zenbait ikerketa-proiektu finantzatzen dituzte, etorkizuneko teknologia erabat berrietarako oinarriak ezarri behar dituzten proiektuak, alegia.
Neurrira egindako grafenozko nanoegitura magnetikoak fabrikatzeko eta horien ahalmena gailu kuantiko espintronikoen oinarrizko elementu gisa probatzeko partzuergoko kideek egin dituzten azken aurrerapen zientifikoak konbinatzen dira SPRING proiektuan. Epe luzeko helburu gisa ezarri dute grafeno hutseko plataforma bat garatzea, ingurumena errespetatzen duena, eta zeinetan spinak erabili ahal izango diren informazioa garraiatzeko, metatzeko eta prozesatzeko.
Zientzialarien komunitatea bat dator spina dela materiaren propietate ideala kargan oinarritutako egungo nanoelektronikatik haratago joan eta beste osagai azkarrago eta energetikoki eraginkorrago batzuk lortzeko; horixe da hain zuzen ere espintronika kuantiko esaten zaion teknologia berriaren oinarria. Grafenoan spinak sortu eta detektatzeko oinarrizko legeak ikertuko ditu SPRING proiektuak, alegia, nola irakurri eta idatzi spinak, eta nola erabili informazioa transmititzeko.
Jose Ignacio Pascual Ikerbasque Ikerlaria da CIC nanoGUNEn, eta proiektuaren koordinatzaile zientifikoa ere bada; Pascualek azaldu zuenez, “grafenoa egokia da etorkizuneko informazioaren teknologietarako, forma zehatza duten pusketak zehaztatzun atomikoarekin ekoitz ditzakegulako. Proiektu honetan bere propietate magnetikoak aztertuko ditugu eta gailu kuantikoetan txertatzeko aukerak ikusiko ditugu”.
SPRING partzuergoa
- CIC nanoGUNE. Donostiako CIC nanoGUNE Nanozientziako Ikerketa Zentro Kooperatiboa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egitea, Euskal Herriaren garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko. www.nanogune.eu
- Delfteko Unibertsitate Teknikoa (TUDelft). TUDelft da Herbehereetako ingeniaritza-unibertsitaterik handi eta askotarikoena. Diziplina arteko zorroztasun handiko ikerketa egiten da Nanozientzia Kuantikoko Sailean, nanoeskalako prozesu fisikoak ikertzera bideratua. www.tudelft.nl
- Santiago de Compostelako Unibertsitatea (USC).1495ean sortu zen unibertsitate publiko hau. 28.000 ikasle inguru ditu, eta 3.000 doktoregai inguru. USC Bikaintasuneko Nazioarteko Campus gisa izendatuta dago, bizitzaren zientzietan eta teknologietan espezializatutako programa espainiar estrategiko batean. www.usc.es/ciqus/es
- IBM Research GMBH (IBM). Enpresa teknologiko eta aholkularitzako enpresa globalki integratua da IBM, eta Armonken du egoitza (New York). 170 herrialde baino gehiagotan jarduten du, eta munduko talentu handieneko pertsonak erakartzen eta atxikitzen ditu IBMk, enpresei, gobernuei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei arazoak konpontzen laguntzeko. www.zurich.ibm.com
- Oxford Unibertsitateko (UOXF) errektorea, irakasleak eta akademikoak. UOXF lehen mailako unibertsitatea da irakaskuntzari eta ikerketari dagokienez; mundu mailan aitzindari den ikerketarik gehiena egiten den Erresuma Batuko unibertsitatea da. Europar Batzordeak Human Resources Excellence in Research aintzatespena eman zion, hango sistema eta jardunbideak saritzeko. www.ox.ac.uk
- Donostia International Physics Center (DIPC). DIPC ikerketa-zentroa Donostian dago, eta helburu du fisikan eta harekin lotutako diziplinetan puntako ikerketa egitea eta katalizatzea, bai eta kultura zientifikoa gizarteari helaraztea ere. Erakunde publikoen eta enpresa pribatuen aliantza estrategiko baten bidez sortu zen DIPC. www.dipc.ehu.eus
eWorld aldizkariko albistea