Konformatzeko eta ebakitzeko lineen diseinuan munduko enpresa espezialista den horrekin hamarkada batez lankidetza arrakastatsua garatu ondoren, haren Koniker I+G Unitateak eta euskal unibertsitateak hitzarmen berri bat sinatu dute ahaleginak batu, elkarren artean ikerketa-proiektuak egin eta ezagutzak trukatzeko. Lankidetzak altzairuzko xafla, aluminioa eta material konposatuak eraldatzeko sistema adimendunen garatzea bultzatuko du, urruneko gainbegiratze-zerbitzuak barne dituelarik. Zehazki, ondoko teknologia landuko dituzte, besteren artean, Fagor Arrasate espezialista baita alor horietan guztietan: automobilgintza eta siderurgiako sektoreetarako lauketa, tolestea, ebaketa, konformazioa, profilaketa, robotika eta automatizazioa.
Lankidetzak Industria 4.0ren garapena azpimarratuko du, urruneko ikuskapenerako eta datuak aztertzeko irtenbideekin. Era berean, sistema ziber-fisikoen inguruko ikerketa sustatuko da, Fagor Arrasateren produktuen eraginkortasuna, fidagarritasuna, sendotasuna, adimena, autonomia eta elkarreragin-prestazioak hobetzeko. Hori guztia, aplikazio eta sektore berrietarako metalak eraldatzeko teknologia eta prozesu aurreratuen garapena alde batera utzi gabe egingo da.
Garapen horiek Fagor Arrasatek eskaintzen dituen estanpazio eta prozesatze-sistemetan, ebaketa-lerroetan eta ekipo siderurgikoetan sartuko dira. "Horrela, gure produktuak gero eta teknologikoagoak izango dira eta, batez ere, mundu mailan lehiakorrak izaten jarraituko dute", azpimarratu du Unai Lopez enpresako gerenteak.
Mundu akademikoaren eta enpresa-munduaren arteko aliantza horren arrakastaren gakoa ikerketarako ezagutza-transferentzia da, Carlos Garcia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariaren hitzetan. "Gure ikertzaileek ikertzen dutena mundu errealera eramateko aukera ematen digu akordio honek, eta, gainera, goi mailako ikerketa egiteko aukera", beraz, bi aldeentzako "oso aberasgarriak" diren emaitzak lortzen dira. Lankidetzak, langile kualifikatuak erakartzen ditu eta ikertzaileentzako prestakuntza-ekintzak ere barne hartzen ditu.
Enpresa eta erakunde akademikoaren arteko 10 urteko elkarlan arrakastatsuaren ostean, akordioa berritu egin dute, "Ikerketa proiektuak emaitzak ematen ari direlako", David Chico Konikerreko zuzendariaren hitzetan. Hamarkada honetan 50 ikerketa-proiektu baino gehiago egin dira elkarrekin, horien artean 11 europar. Gainera, 4 tesi irakurri dira, beste 4 martxan daude, eta 20 paper-etik gora argitaratu dira nazioarteko kongresuetan eta JCR aldizkarietan. "Horrek ikerketa taldeak erabat lerrokatuta daudela erakusten du eta hitzarmen berri honekin etorkizuneko erronkei irtenbidea eman ahal izango diegu", uste du Chicok.
Akordioak, elkarlanean euskararen erabilera bultzatzeko bi aldeen konpromisoa ere jasotzen du. Hori horrela izanik, proiektuak garatzeko giza baliabideetan euskararen ezagutzaren bermea sustatuko da, hitzarmenean zehazten diren tesi eta karrera amaierako proiektuetan euskararen erabilera bultzatuz.
Fagor Arrasate munduko liderra da altzairuzko, aluminiozko eta herdoilgaitzezko konformaziorako neurriko soluzioen diseinuan eta fabrikazioan; eta prentsak, bobinak ebakitzeko eta prozesatzeko lerroak eta metalezko pieza konplexuak fabrikatzeko sistema osoak egiten ditu. Konpositeen konformazioan, beroko eta hotzeko forjaketa-sistemetan eta Press Hardeningen ere aditua da.
Globalki jarduten da, eta bezeroen artean OEM-ak, Tier-1-ak eta automobilgintza eta sektore aeroespazialeko zerbitzu-zentroak daude, baita forjaketa, siderurgia, etxetresna elektriko eta metalezko altzarien industrietako konpainiak ere.