Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin eta Marta Marin Euskadiren Europar Batasuneko ordezkariarekin batera, Bruselan egon zen joan den irailaren 26an, Second European Education Summit izeneko Europako II Hezkuntza Goi-bileran. Europako Batzordeak antolatzen du ekitaldia.
Europako komisarioak zein hezkuntza arloko nazioarteko hainbat erreferente biltzen dituen goi-bilera honek bigarren edizioa izan du aurten. Europako Batzordearen berariazko gonbidapenez, Europan nahiz nazioartean hezkuntzaren arloan esanguratsuak diren milatik gora erakunde eta pertsonak hizlari edo parte hartzaile izan ziren ekitaldian. “Bikaintasuna eta Ospea, Europako Hezkuntza Espazioan” izenburua zuela, goi-bileraren helburua zen egungo egoera aztertzea, batetik, eta EU 2020 Estrategiak markatutako aurrerapenen inguruko kontu-ematea egitea, bestetik. Halaber, 2017ko azaroko Göteborgeko Akordioei erantzuna eman nahi zien bilkurak. Göteborgeko hartan Europako Hezkuntza Espazioa 2025erako abian jartzea adostu zen (enplegua sortzeko, ekonomia hazkunderako eta gizarte ekitaterako motor izan dadin hezkuntza).
Goi-bilera honetan, antolatzaileen gonbidatu gisa bertaratu zenez, Hezkuntza Sailak rol aktiboa izan zuen. Eusko Jaurlaritzak, Jorge Arevalo sailburuordearen hitzaldiaren bidez, Euskadiko Lanbide Heziketa abian jartzen ari den politikak azaldu zituen. Lan ildo hauek erreferente dira Europako Batzordea bultzatzen ari den politika askotan. Hitzaldian Arevalok arreta berezia jarri zuen IV. Industria-iraultzari lotuta identifikatu diren erronken inguruan, izan egungo erronkak izan etorkizunekoak. Arevaloren hitzaldia “Vocational excellence: skills-ecosystems for innovation and social inclusión” izenburua daraman lan-saioaren barnean izan zen.
Antolatu ziren hitzaldi, mintegi eta mahai-inguruez gain, Europako II Hezkuntza Goi-bilera baliatu zuen Europako Batzordeak urteko Hezkuntza Txostenaren aurkezpen ofiziala egiteko. Tibor Navracsics Hezkuntza, Kultura Gazteria eta Kirol komisarioak aurkeztu zuen txostenak EU 2020 Estrategiaren inguruan izandako aurrerapen guztiak jasotzen zituen, eta estrategia horrekiko nahiz Goteborgen lortutako akordioen inguruko kontu-hartze funtzioa ere betetzen zuen.
Aipaturiko txostenak bazuen nabarmentzeko berritasun esanguratsu bat. Lehen aldiz, Europako zenbait eskualdetan garatutako puntako estrategiak jaso zituen Europako Batzordeak, eta horien artean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutakoak zeuden. Zehazki, EB-ren txostenak Euskadiko Lanbide Heziketaren bikaintasuna nabarmentzen zuen; Lanbide Heziketaren Euskal Lege berria Europako legediaren abangoardian kokatzen zuen; eta Euskadiko Lanbide Heziketa Dualari loturiko enplegagarritasun datuak balioesten zituen. Era berean, Batzordearen txostenak Euskaditik bultzatu den beste ekimen berritzaile bat ere oso era positiboan baloratu zuen: Hezkuntza Sailaren Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzatik sustatu den Unibertsitatea+Enpresa Euskal Estrategia, eta honek bi sektoreen artean harremanak estutzeko egin duen ekarpena, era horretan prestakuntza nahiz enplegagarritasuna hobetzen zuzenki eraginez.
Goi-bileran izan zuen parte hartzean, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak nabarmendu nahi izan zuen hezkuntzaren aurrerabidean Europako eskualdeek duten zeresana. Uriarteren esanetan “Euskadik soberan erakutsi du zein konpromiso maila handia duen Europako hezkuntza hobetzeko politikekin. Europako Batasuneko ordezkariekin etengabeko harremanean gaude, aspalditik datorren harremana da, eta gure lana balioesten dutela sentitzen dugu. Gure Sailetik bultzatzen ditugun politikak erabat lerrokatuta daude Europako estrategiekin. Hain da hori horrela, ezen gure zenbait jarduketak Europa osorako lan ildoak markatzen baitituzte”. Hezkuntza sailburuak gehitu zuenez “Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritza goi-bilera honetan parte hartzera gonbidatu izanak asko dio gure lankidetzaz eta eginahalaz. Gainera, eskualdeek duten garrantziaz behin eta berriz ohartarazi ondoren, urteko Hezkuntza Txostenak eskualdeetako jardunbide egokiak jaso ditu aurten, eta horien artean Euskadiko zenbait ekimen. Europako Batzordearen aitorpentzat hartzen dugu hori, eta Europarekin lankidetzan jarraitzeko akuilu da guretzat”.