Lanbide Heziketako ikasleek egindako 18 ibilgailu elektrikoak lehiatzeko prest zeuden. Euskelec 2024 Gasteizera iritsi zen maiatzaren 25eko asteburuan, eta Andre Maria Zuriaren plaza eta Plaza Berria ezohiko lasterketa-zirkuitu bihurtu zituen.
Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroa, Hezkuntza Sailarena) antolatzen duen lehiaketa zazpigarren ediziora iritsi da aurten, eta Euskadiko Lanbide Heziketaren egutegian dagoeneko bere lekua eginda dauka.
Proba dinamikoak
Balaztatzea, azelerazioa, slaloma, efizientzia… Igandean proba horiek pasatu behar zituzten Euskelec 2024 edizioan parte hartu zuten 18 ibilgailu elektrikoek. Lehiaketan ez du nahitaez eta beti ibilgailurik azkarrenak irabazten. Euskelecek autoen energia-efizientzia ere baloratzen du, hau da, bateria-karga bakarrarekin proba guztiak gainditzea. Gasteizko zirkuituak zatiren batean duen malda aproposa izan zen baterien iraunkortasuna proban jartzeko. Horretarako berariaz prestatutako zirkuituan honako proba dinamiko hauek egin ziren:
z Balaztatzea: autoa ahalik eta distantziarik laburrenean gelditu behar zen, gutxienez orduko 20 km-ko abiaduran zihoala (Mateo Benigno de Moraza kalean).
z Azelerazioa: ibilgailuak geldi dagoenetik 60 metro ibiltzeko behar zuen denbora kronometratzen zen.
z Slaloma: ibilgailuak slalom-zirkuituari (Plaza Berrian) buelta bat emateko behar zuen denbora kronometratzen zen.
z Efizientzia-proba: autoak 60 minutuan ahalik eta distantziarik handiena egiteko gai izan behar ziren, goizean proba dinamikoak hastean zuten bateria-karga berarekin. Helmugatik igarotzen zen aldi bakoitza zenbatu zen, eta puntu horretatik gehien pasatzen zen taldea izan zen irabazlea (zirkuituari buelta gehien ematen dizkiona).
Euskelecen edizio berri honetan 18 taldek hartu zuten parte: Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan egindakoak ziren 14 ibilgailu, eta Kantabriatik iritsi ziren beste lauak. Gainera, beste hiru ibilgailuk gonbidatu gisa parte hartu zuten, erakustaldi moduan.
Egiaztapen teknikoak, larunbatean
Proba dinamikoak egiten eta pistan prestazioak ebaluatzen hasi aurretik, auto guztiei egiaztapen teknikoak egin zitzaizkien larunbat arratsaldean. Egiaztapen horiek baztertzaileak izan ziren: araudia betetzen ez zuen ikastetxea desklasifikatu egin ahal izan zen. Egiaztapen horiek amaitzean, epaimahaiak ibilgailuen bateriak zigilatuko zituen, berriz kargatzea eragozteko. Modu horretan, auto guztiek bateria-karga bakarrarekin egin behar zituzten igande goizeko proba guztiak.
Aurretik, maiatzaren 8an, lasterketan parte hartu zuten talde guztiak Zornotzan izan ziren, Automotive Intelligence Centerren (AIC) instalazioetan, euren prototipoaren ezaugarri teknikoak eta eraikuntza-ezaugarriak aurkezten. Lehiaketako epaimahai teknikoak ibilgailuak eraikitzeko erabilitako soluzio teknikoak, diseinu estetikoa eta ergonomia kontuan hartuta ebaluatu zituen proiektuak, eta taldeak ibilgailuen memorietan islatutako alderdi teknikoen arabera puntuatu zituen.