Kooperatiben Nazioarteko Eguna uztailaren lehen larunbatean ospatzen da mundu osoan eta data horrek esanahi berezia du Euskadin, enpresa-sare kooperatiboaren garrantzi handia dela eta. Ekitaldiaren 100. edizioa izan da eta, aurten, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak, 109 herrialdetako 312 erakunde barne hartzen dituenak, honako goiburu hau aukeratu zuen: 'Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute'. Ildo horretan, aurtengo edizioaren goiburua beren-beregi aipatuz, kooperatiben konpromisoa eta Euskadiko garapenari egiten dioten ekarpena nabarmendu zituzten Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakari Patxi Olabarriak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko (KONFEKOOP) lehendakari Rosa Lavínek.
Gainera, Euskadiko unibertsitateetako ikasleek kooperatibei buruz duten ezagutza-mailaren gaineko azterlan bat aurkeztu zen. Patxi Olabarriak adierazi zuen kooperatibismoa guztiz bat datorrela NKAk aurten aukeratutako goiburuarekin, eta azaldu zuen zergatik eraikitzen duten mundu hobea kooperatibek. "Kooperatiben enpresa-ereduak pertsonak ditu ardatz, kudeaketa demokratikoan, berdinzalean eta bidezkoan dago oinarrituta, parte-hartzea sustatzen du eta kalitatezko enplegua sortzen du; hau da, dagoeneko erakusten ari gara komunitatea eta lurraldea hobetzen dituen ekarpen hori".
Goren Kontseiluko lehendakariak -Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua erakunde bakarra da munduan, bere izaera publiko-pribatuagatik, eta kooperatibismoa sustatzeko eta hedatzeko egiten duen lanagatik- ezagutzera eman zituen Euskadiko hiru unibertsitateetan (Mondragon Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean eta EHUn) ikasten duten euskal gazteen artean egindako azken ikerketaren datuak. Iazko azterlan batean kooperatibek onarpen sozial handia dutela egiaztatu ondoren, Kontseiluak unibertsitateko ikasleengan jarri nahi izan zuen arreta. "Kooperatibei buruz zer zekiten jakin nahi genuen, eta, batez ere, enpresa batean zer bilatzen duten. Haien esku dago herrialdearen etorkizuna, eta erabakigarria izango da zer enpresa-ereduren alde egiten duten".
Azterlanean egin diren 555 inkestek jakitera eman dutenez, inkestatutako pertsonen % 74k kooperatibei buruzko nahikoa ezagutza du. Izan ere, beste figura juridiko batzuk baino ezagunagoak dira, hala nola sozietate anonimoak edo sozietate mugatuak baino. Eta ia % 60k 4 onartu du kooperatiben ereduak etorkizuneko talentuaren zati handi bat erakartzen duela, eta uste du euskal kooperatibismoa erreferentea dela mundu osoan.
Euskadiko unibertsitateetako ikasleek bilatzen dituzten balioak guztiz bat datoz balio kooperatiboekin. Izan ere, lanpostu bat baloratzerakoan, zenbait alderdi lehenesten dituzte, hala nola giro ona, malgutasuna, kontziliazioa, genero-bereizkeriarik eza eta garapen profesionala. Horrenbestez, EKGKren azterlanak ondorioztatzen du kooperatibak gainerako enpresak baino gomendagarriagotzat hartzen direla, lan egiteko. Olabarriak azpimarratu zuenez, "Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan oso argi daukagu zer erronka dugun: gure gazteei ilusioa ematea eta ekintzailetza kolektibora erakartzea, enpresa egiteko beste era batera, balioak dituen eta gizartea eraldatzeko anbizioa duen enpresa batera".
Belen Balerdi, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari orokorra; Patxi Olabarria, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidentea; Jokin Díaz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko zuzendaria; Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte-Segurantza sailburuordea, Elena Perez Barredo; eta KONFEKOOP presidentea, Rosa Lavín, izan ziren aurkezpenean.
Ildo horretan, KONFEKOOPeko lehendakari Rosa Lavínek adierazi zuen euskal kooperatiben mugimenduak euskal gazte guztiei hitz egin nahi izan ziela, balio horiekin bat datorren enpresa-eredua kooperatiba dela gogorarazteko. "Erabakiak hartzean berdintasunean parte hartzeko aukera ematen dizun, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa bermatzen duen, eta ingurunearekin konprometituta dagoen enpresa batean lan egitea ez da utopia bat: errealitate bat da".
"Enpresa horiek egon badaude; kooperatibak dira". Lavínek Kooperatiben Nazioarteko Egunaren garrantzia azpimarratu zuen, "eredu malgu eta berdintasunezko baten alde egiten dugun" kooperatibiston eguneroko ahalegina aitortzeko aukera baita. Eta lan horren ondorioz, "kooperatibismoa gure lurraldeetako ekonomiaren eta garapen sozialaren eragilea da". Hori frogatzeko, KONFEKOOPeko lehendakariak zenbait datu sendo eman zituen. Oro har, 3 milioi kooperatiba daude munduan, eta enplegatutako biztanleen % 10i ematen dizkiete lana edo lanaukerak. "Beste modu batean esanda, kooperatibismoa ez da garrantzirik gabeko fenomeno bat, inondik inora".
Euskadiri dagokionez, KONFEKOOPek 1.400 kooperatiba, 60 mila lanpostu eta 1.450.000 bazkide biltzen ditu gaur egun. "Hortaz, kooperatibismoaren presentzia ohikoa da euskal herritarren bizitzako arlo guztietan". EKGK-ko eta KONFEKOOPeko lehendakariek zoriondu egin dituzte enpresa-sare kooperatiboko kide guztiak, eta bideo bat aurkeztu dute mundu mailan ospatuko den ekitaldi horretarako.