+Trebakuntza

Euskadiko 100 ikastetxe baino gehiago Europako eTwinning programan


 Iragan urriaren 2an, asteazkenean Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak Europako eTwinning programa ezagutzera emateko jardunaldia ireki zuen. Hezkuntza Sailak antolatua, ekitaldia Gasteizen izan zen. Euskadiko hezkuntza-arloko ehun profesional inguru elkartu ziren Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian. Haietako asko Europako programan ikasturte honetan lehen aldiz parte hartuko duten ikastetxeak ordezkatzera bertaratu ziren; beste batzuk, berriz, beteranoak izanda, beren esperientzia gainerako ikastetxeekin partekatu eta ezagutzera emateko xedearekin bertaratu ziren. Horrexegatik, jardunaldi hau foro egokia izan ohi da, batetik, Europako ekimena eta bere funtzionamendua ezagutzera emateko eta, bestetik, eta tailerren bitartez, programako parte-hartzaile gisa esperientzia zabala duten ikastetxeetako jarduenbide egokiak.

Joan zen 2018-2019 ikasturtean, Euskadiko 103 ikastetxek garatu zuten proiekturen bat eTwinning programaren baitan. Ikasturtez ikasturte haziz joan den datu hori, eta urriak 2an jardunaldian parte hartzen izan ziren irakasleek erakutsi zuten interesa aintzat hartuz, aurreikusi daiteke ikasturte berri honetan ere ugaritu egingo dela Europako plataforma horren bidez proiekturen bat garatuko duten ikastetxeen kopurua.
Irakasleek egindako lanaren eta ahaleginaren aitortzan, 2018-2019 ikasturtean Euskadiko ikastetxeetan garatutako 22 e-Twinning proiektuk Hezkuntza Ministerioak ematen duen Kalitate Zigilua eskuratu dute. Horrela bada, estatu mailan zein Europa mailan banatzen diren sariak eskuratzeko aukera izango dute orain. Proiektu horien arduradunek gaur jaso dute, Maite Alonso sailburuordearen eskutik, Kalitatezko Zigilua aitortzen dien diploma.

 
Beste kultura batzuetatik ikastea


Jardunaldiaren aurkezpenean, Maite Alonso sailburuordeak nabarmendu zuen honelako programa batean parte hartzeak zein onura dituen ikasle eta irakasleentzat. “Ikasleek, beste kultura batzuetatik ikasten dute eta, halaber, teknologia berriei eta atzerriko hizkuntzei lotutako trebetasunak praktikatzen dituzte, edozein irakasgaitako curriculum- edukiak garatuz. Eta gainera, Europako hezkuntza komunitateko kideak sentitzen diren heinean, europar herritartasuna eta dimentsioa ere garatzen dute”. Irakasleei dagokienez, sailburuordeak azpimarratu zuen “talde hausnarketarako eta ikaskuntzarako aukera anitzak eskaintzen zaizkie. Irakasleek badute beste irakasle europar batzuk ezagutzeko eta ideiak trukatzeko aukera eta ahalbidetzen zaie horrela beren irakasteko metodoak hobetzea, ikuspegi desberdinak konparatuz eta aplikatuz, eremu konkretu baten ezagutza zabaltzea edo, besterik gabe, informazioa trukatzea”.

Ildo horretan, Alonsok azaldu zuen Euskal Hezkuntza Sistemak jada pauso handiak eman dituela Europa mailan 2020rako jarritako helburuak lortzeko bidean. “Gure erronkarik handiena izan da beti ekitateaz haratago, bikaintasuna lortzea. Lan horretan, beraz, ez gara zerotik hasten, ibilbide luzea eta eskarmentu handia dugu, guztion artean egina: eleaniztasunean, informazio eta komunikaziorako teknologietan, bizikidetzan, aniztasunaren trataeran eta baita ere, gaurko gaian, europar programetan”.

 
eTwinning, ikastetxeen Europako komunitatea


IKT tresnei esker (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak), eTwinning programak taldean lan egiteko aukera ematen die geografikoki elkarrengandik urrun bizi diren ikasleei. Europako herrialde desberdinetako ikasleak lankidetzan aritzen dira proiektu berean, hasi eta amaitu arte, programa honi esker.

eTwinning Erasmus+ programan sartzen da, eta helburutzat du bertan parte hartzen duten Europako herrialde desberdinetako ikasleen eta irakasleen arteko harremana, ideien trukea eta lankidetza bultzatu eta erraztea, IKTen bitartez. Horretarako, programak ikastetxe parte-hartzaileen eskura jartzen du beharrezko online plataforma teknologikoa (www.etwinning.net) baliabideez hornituta egon daitezen ikasteko, komunikatzeko, elkarlanean aritzeko eta beren proiektua garatzeko.

eTwinning 2005ean sortu zen eta Europako Batzordeko eLearning ikasketa- programaren ekimen garrantzitsuena izan da. 2014az geroztik Erasmus+en parte da; Europar Batasuneko programa hezkuntzaren, prestakuntzaren, gazteriaren eta kirolaren arloetan.

Proiektu berean batera lan eginez -betiere irakasle arduradunak gainbegiratuta- ikasle parte-hartzaileek zabaldu egiten dituzte beren aukerak beste herrialde batzuetako ondare kulturala eta artistikoa ezagutzean, baina baita beren inguruneko ezagutza zientifikoaren bitartez ere. Gainera, adostu duten hizkuntzan aritzen dira elkarrekintzan (ohi denez ingelesez) eta lotura eta harreman konstruktiboak ezartzen dituzte ingurunearekin eta milaka kilometrotara bizi diren beste ikasle batzuekin. Ekimen honek, gainera, sustatu egiten du ikasleen arteko talde-lana, taldean planteatzen baitira erronkak eta soluzioen bilaketa. Eta ibilbide horretan, ikasleek ikasi egiten dute formatu digitaletan edukiak bilatzen, interpretatzen eta ekoizten. Hala, guztien ekarpenekin eta irakasteko eta ikasteko prozesuan disfrutatuz lantzen da eskuartean duten proiektua, eta ikasleei ematen zaie protagonismoa.
Autonomia Erkidego bakoitzak bere eTwinning enbaxadoreak ditu. Programan esperientzia duten irakasleak dira, eta beste irakasle batzuei lagundu eta aholkuak ematen dizkiete gai teknikoetan nahiz pedagogikoetan. Euskadin 13 eTwinning enbaxadore ditugu, ikastetxeetako irakasle nahiz Berritzeguneetako aholkulariak.

Multimedia

GLOBAL SCIENCE NAFARROA

Ikasi Nafarroan egiten den zientzia, SINAI

Daisy Wang, Representing the World Digital Economy Forum in Europe

Smart & Green Ikastaroa Fundazioa EHUko udako ikastaroak

Iraunkortasun aplikatuaren haustura, hezkuntzaren, teknologiaren eta hiriaren bidez mundua aldatzeko. EMOZIOTIK ERALDAKETA DIGITALERA

Zeren zain zaude? Eman izena

https://www.uik.eus/es/curso/smart-green-disrupzion-jasangarria-apena-mundua zehar-hezkuntza-teknologia

Jorge Toledo. EBko enbaxadorea Txinan

Europako Eguna Txinan  

BISITA - TXARTELA

Blockchain Errioxaren jardunaldia

Montse Guardia Güel, Eduardo Aginako, Luis Garvía eta Javier Sánchez Marcos

Facebook edo erronka handiak

"Marten koloniak promes egin zenizkidaten; horren ordez, Facebook lortu nuen".
Berri gehiago

Geure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu nabigazio-esperientzia hobetzeko.
Nabigatzen jarraitzean, ulertzen dugu gure cookie-politika onartzen duzula.