Euskararen erabilera
VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzen adierazten dutenez, euskararen erabilerak ere gora egin du. Biztanleen % 21,9k hitz egiten du euskaraz erdaraz beste edo gehiago. Guztira, 412.821 biztanle 2021ean eta 271.121 orain dela hogeita hamar urte (6,4 puntuko igoera azken 30 urtean). Igoera hori hiru lurraldeetan ez ezik, hiru hiriburuetan ere gertatu da.
Adin tarteari begira, ezagutza datuekin adierazi bezala, euskara erabiltzen dutenen ehunekorik handiena gazteena da (% 33,5) eta txikiena 65 urtetik gorakoena (% 16,7).
Biztanleria gehien bizi den gunetan gertatu da igoera hau (lehen, bigarren eta hirugarren gune soziolinguistikoetan: 4,4 lehenean; 6,4 bigarrenean; 7,3 hirugarrenean), eta gehienbat herri txikiz osatutako laugarrenean jaitsi da erabilera (-9,7). Aldaketa honetan eragina izan du besteak beste, lurralde barruko zein kanpoko mugikortasunak.
Hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktoreen artean nagusienak izan ohi dira hizkuntza erraztasuna eta harreman sarea. Baldintza horiek batzen direnean izan ohi da euskara erabiltzeko aukera gehien. Hala, erabilera esparruak ere aztertzen dira inkesta soziolinguistikoan eta ikusi da testuinguru formal zein informaletan egin dela gora.
Udal zerbitzuetan egiten da gehien euskara (% 27,4). Ondoren, lankideen artean (% 26,8); gero, osasun zerbitzuetan (% 23,1) eta lagun artean % 22,1. Datu hau ere adierazgarria da bereziki Administrazioaren aurrean euskararen alde egiten den hautua gero eta euskararen aldekoagoa dela adierazten duelako.
Euskararen transmisioa
Familia bidezko euskararen transmisioari dagokionez, gora egin du bai bikote euskaldunetan baita bikote mistoetan ere. 3-15 urte bitarteko seme-alabak dituzten familien hizkuntzaren portaera nolakoa den jakiteko, inkestatuei galdetu zaie zein hizkuntza transmititu dieten seme-alabei. Transmisio hori aztertzeko, gurasoen hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntza izan dira kontuan.
Guraso biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben % 98k euskara soilik transmititu du etxean eta % 2k euskara eta erdara. Gurasoetako bat baino ez denean euskalduna eta bere lehen hizkuntza euskara denean, % 84k euskara eta erdara transmititu ditu eta % 16k erdara.
Gurasoa ama ala aita izan, aldea dago sexuaren araberako transmisioan. Ama edo aita soilik euskalduna den kasuan amen % 49,9k transmititzen du euskara eta erdara eta aiten % 41,7k euskara eta erdara.
Euskararen aldekotasun handia
EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 67 euskararen erabilera sustatzearen alde dago, % 26,3 ez alde ez aurka eta % 6,8 aurka. Horrela, euskara sustatzearen aldeko jarrerak gora egin du azken 30 urteotan. 1991ko eta 2021eko datuak alderatuz, euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak 12 puntuko hazkundea izan du (2021ean % 67 eta 1991an % 55).
EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 74,7k uste du Administrazioan sartzeko euskara jakin beharko litzatekeela; % 89,3k haur guztiek euskara ikasi beharko luketela, eta aldiz, % 49,3k irrati edo telebistek programa gehiago eman beharko lituzketela euskaraz.
Zupiria sailburuak adierazi duenez “Euskararen legeak, gizartearen aldeko adostasunak eta ibilbidean jarritako baliabide askotarikoek lagundu dute euskararen biziberritze prozesua positiboa izan dadin. Datu hauek berresten digute gizarteak euskararen alde egindako apustua sendoa izan dela eta sendoa izaten jarraitzen duela gaur egun ere”.