Deustuko Unibertsitateak UNIC proiektua aurkeztu du Europako Unibertsitateak ekimenean parte hartzeko.
Sailburua, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearekin batera, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorearekin bildu zen joan den otsailaren 28an, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan. UPV/EHUko eta Mondragon Unibertsitateko errektoretza-taldeekin berriki egindako bileretan bezala, bileraren arrazoia izan zen Deustuko Unibertsitateak Europako Batzordearen Europako Unibertsitateak ekimenerako aurkeztu duen proiektua zuzenean ezagutzea. Deustuko Unibertsitatearen aldetik, errektorearekin batera, Alex Rayon Deustuko Ingeniaritza Fakultateko Kanpo Harremanetarako eta Etengabeko Prestakuntzako dekanordea ere izan zen.
Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek dagoeneko aurkeztu dituzte beren proiektuak Europako Batzordearen aurrean. Europako ekimen honek nazioarteko aliantzak sortzea bultzatzen du, etorkizuneko unibertsitate bihurtzeko, eta, horrela, Europar Batasun osoan goi-mailako irakaskuntzako erakundeen arteko elkarte estrategikoak indartzeko.
Aliantza horien bidez sortutako Europako unibertsitateak EB osoko unibertsitateen sareak dira, kontinentean goi-mailako irakaskuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna sustatzea ahalbidetuko dutenak. Beste zenbait proposamenen artean, unibertsitateko kolektibo guztientzako mugikortasun sistematikoa, unibertsitate elkartuetan eginiko egonaldien aitortzak eta ikasketa-plan osagarriak eskaintzen dituzte. Unibertsitateko aliantza horien proiektuek jasangarritasuna, bikaintasuna eta balio europarrak izan behar dituzte ardatz, eta, horrez gain, ikaslea erdigunean hartzen duten ikasketa-planak eskaini behar dituzte, unibertsitateen arteko campusetan batera irakatsitakoak.
Europako Unibertsitateak ekimenaren azken helburua da europar sortzaileen belaunaldi berri bat eratzea, lankidetzan aritzeko gai izango direnak, hizkuntzak, mugak eta diziplinak gaindituta, Europak dituen erronka sozial handiei eta gaitasun- gabeziei aurre egiteko.
Deustuko Unibertsitatea, Europako beste zazpi unibertsitaterekin batera, UNIC - Hiri Post-Industrialen Europako Unibertsitatea proiektuko kide da. Proiektuan parte hartzen duten zortzi unibertsitateek iragan eta esperientzia bera partekatzen dute, iragan industrial baten ondoren euren burua berrasmatzen jakin duten hirietan kokatuta baitaude.
UNICen ezaugarri nagusietako bat da esperientzia arrakastatsu hori baliatuko duela elkarrekin lan egiteko irakaskuntza-, ikerketa- eta ikaskuntza-modu berritzaileagoetan, eskuragarriagoetan eta inklusiboagoetan; etorkizuneko hirien eta unibertsitateen erronkei eta beharrei behar bezala erantzuteko. Deusturekin batera Proiektuan parte hartzen duten unibertsitateak honako hiri hauetan daude: Bochum (Alemania), Cork (Irlanda), Istanbul (Turkia), Lieja (Belgika), Oulu (Finlandia), Rotterdam (Herbehereak) eta Zagreb (Kroazia).
UNIC proiektuko unibertsitateek osatzen duten aliantza estrategikoak hiriarekiko elkarrizketa jarriko du prestakuntzaren erdigunean. Bere helburua ikasleen mugikortasuna eta inklusioa bultzatzea da. Misio honek lotura estua du hiriarekin eta hiriaren barruan inpaktu soziala sortzeko asmoarekin, eta, aldi berean, hiritik ikasten da.
Bileran, Hezkuntza sailburuak gogorarazi zuen Euskal Unibertsitate Sistemaren nazioartekotzearen aldeko apustua Hezkuntza Sailaren Euskal Unibertsitate Sistemaren Planaren (2019-2022) ardatz nagusietako bat dela, eta, beraz, Europako ekimen hau guztiz bat datorrela berak zuzentzen duen sailak bultzatzen dituen unibertsitate-politikekin. Sailburua zein errektorea bat etorri ziren ekimenak bertan parte hartzen duten unibertsitateen lehiakortasunerako eta ikasleen esperientzia eta prestakuntza-kalitaterako eskaintzen duen aukera azpimarratzean.
Era berean, Uriartek bereziki garrantzitsutzat jo zuen Europako ekimen hori Hezkuntza Sailarentzat, Euskadira talentua erakartzeko gaur egungo eta etorkizuneko beharrak kontuan hartuta, eta, beraz, alde honetatik ere ekimenak guztiz egiten du bat sailaren lan-ildoekin. Uriarte sailburuak positibotzat jo zuen, gainera, euskal unibertsitateek parte hartzen duten proiektuek erronketan oinarritutako ikuspegia hartzea, ikasleek, esparru akademikoak eta kanpoko bazkideek diziplinarteko taldeetan lankidetzan jardun ahal izan dezaten, Europak gaur egun dituen arazo garrantzitsuenei aurre egiteko.