+Trebakuntza

Bizkaia eta Telefónica, digitalizazioa bultzatzen

Aldundiak eta Telefónica Fundazioak lau urterako berritu dute 42 Urduliz Bizkaian talentu digitala sustatzeko duten lankidetza.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Telefónica Fundazioak lau urterako berritu dute gaitasun digitalen 42 Urduliz Bizkaia campusa sustatzen jarraitzeko duten lankidetza-akordioa. Orain arte lortu diren emaitza onen ondorioz, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek eta Telefónica Fundazioko zuzendari nagusi Luis Prendesek beste hitzarmen bat sinatu dute, Bizkaian dagoen prestakuntza digitaleko zentro berritzaile hori indartzeko.

2021ean sortu zen 42 Urduliz Bizkaia campusa eta, harrez geroztik, Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen aliatu garrantzitsua izan da behar duten talentu digitala garatzeko orduan. Enpresa-ehuna gero eta gehiago ari da digitalizatzen, eta zentroak gaitasun teknologikoetako prestakuntza ematen du eredu berritzaile, doako eta irisgarri baten bitartez, irakaslerik eta ikasgelarik gabe, lan-merkatuaren eskaeretara egokituta. Ireki zenetik, campusean 572 ikaslek jaso dute prestakuntza, eta guztira 7.500 eskaera inguru jaso dira hautaketa-prozesuetarako ("igerileku" gisa ezagutuak). Haur egun, 310 ikasle aktibo ditu zentroak. 42 Urduliz Bizkaiko parte-hartzaileen % 21 emakumeak dira, eta teknologiaren beste alor batzuetako batez bestekoa baino kopuru nabarmenki handiagoa da hori.

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek azpimarratu duenez, "akordio honek berretsi egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko talentuaren eta prestakuntza teknologikoaren bidez enpresa-sarean digitalizazioa sustatzen jarraitzeko duen konpromisoa. Gure ETEek gaitasun digitalak dituzten pertsonak behar dituzte lehiakorrak izaten jarraitzeko. 42 Urduliz Bizkaiak eskari horri erantzuten dio teknologiaren alorrean talentua garatzearen bidez, kalitatezko enplegu gehien eskatzen duen esparruetako bat baita".

Gizartean digitalizazioa etenik gabe ari da hazten, eta gaikuntza digitalik ez izatea gizarte-bazterketako faktorea izan daiteke, prestakuntza akademikoaren parean. Luis Prendesek azaldu duenez, 42 proiektua "funtsezkoa da pertsonen garapenean laguntzeko, aukera ematen baitie kalitatezko prestakuntza berritzailea eta doakoa eskuratzeko programazioaren alorrean. Aniztasuna 42 ezaugarrietako bat da, ikasleak sektore teknologikoan profesionalki sartzeko prestatzen dituena. Baina, gainera, beren lan-okupazioa edozein dela ere, trantsizio digitalak ekarriko dizkigun erronkei aurre egiten laguntzen die". 

Talentu digitala konektatzen Bizkaiko

 

ETEen eskariarekin

Akordioa berritzearen bidez argi geratzen da erakunde biek apustua egiten dutela gaikuntza digitalaren alde, digitalizazioaren eta STEM talentu (STEM ingelesezko akronimoa: zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) eskasiaren erronkei aurre egiteko erantzuna den aldetik. 42 Urduliz Bizkaiak konektatu egiten ditu enpresa-sareak profil teknologikoetarako duen eskari gero eta handiagoa eta herritarren gaitasun berrien garapena, enpresen lehiakortasunean eta pertsonen enplegagarritasunean laguntzeko.

Urdulizko metro-geltokiaren ondoan dago campusa, eta Urduliz Dorrearen bost solairu hartzen ditu, 2.400 metro koadro, programazioko eta gaitasun digitaletako prestakuntzarako. Zentroa talentu digitalaren, ekintzailetzaren eta Bizkaiko enpresen arteko topagune gisa finkatu da, eta enplegu kualifikatua sortzen eta Bizkaiko herritarren gaitasun profesionalak etengabe hobetzen laguntzen du.

Akordioa berritzeko ekitaldia gaur goizean izan da Urdulizen, eta bertan izan dira ere bai Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko diputatu Ainara Basurko, Telefónica Fundazioaren Enplegagarritasuneko eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendari Inés Temes, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzailetza, Talentu eta Lurralde Lehiakortasuneko zuzendari Joseba Mariezkurrena eta 42 Urduliz Bizkaiko zuzendari Estíbaliz León.

 

42 metodologia: nork bere erritmoan ikasten du

42 Urduliz Bizkaia mundu osoan sakabanatutako 50 zentroko nazioarteko sare baten barruan dago. 42 filosofiak, gaitasun teknikoetako prestakuntza emateaz gain, mundu profesionalean asko baloratzen diren beste gaitasun batzuk garatzen ditu ere bai pertsonengan, hala nola frustrazioarekiko tolerantzia, talde-lana, berrikuntza eta nork bere burua gainditzeko gaitasuna. Ikasteko kontzeptu desberdina da, non ikasleek noiz ikasi aukeratuta eta lankidetza sustatuta ikasten duten. Hori guztia sormena, adimen emozionala eta bizikidetza sustatzen dituen espazio berritzaile baten barruan. Campusera sartzeko ez da aldez aurreko esperientziarik izan behar, ezta ezagutza teknikorik ere. 18 urte izatea da betekizun bakarra.

Campusak STEAM Euskadi zigilua dauka 2023tik, zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematikan dauden bokazioak arteen eta humanitateen loturarekin batera bultzatzeagatik.

 

Eman orain izena

42 Urduliz (Bizkaia) lan-merkatuari ateak irekitzen dizkion doako programazio campusik berritzaileena da. Metodologia iraultzailearekin eta batez beste hiru urteko iraupenarekin, eguneko 24 orduetan irekita dago, astean 7 egunetan, zure denbora kudeatuz ikasi ahal izateko.

42 Urdulizen (Bizkaia) parte hartzeko ez duzu aldez aurreko ezagutzarik edo inolako titulaziorik behar, 18 urte baino gehiago, ikasteko gogoa, jarrera eta iraunkortasuna besterik ez dituzu behar. Bi fase baino ez dira gainditu behar: izena online emateko test bat eta aurrez aurreko 26 eguneko hautaketa prozesua.

Izen-ematea beti dago zabalik Urduliz, Madril, Malaga eta Bartzelonako campusetan.

Informazio gehiago:

www.42urduliz.com

Multimedia

GLOBAL SCIENCE NAFARROA

Ikasi Nafarroan egiten den zientzia, SINAI

Daisy Wang, Representing the World Digital Economy Forum in Europe

Smart & Green Ikastaroa Fundazioa EHUko udako ikastaroak

Iraunkortasun aplikatuaren haustura, hezkuntzaren, teknologiaren eta hiriaren bidez mundua aldatzeko. EMOZIOTIK ERALDAKETA DIGITALERA

Zeren zain zaude? Eman izena

https://www.uik.eus/es/curso/smart-green-disrupzion-jasangarria-apena-mundua zehar-hezkuntza-teknologia

Jorge Toledo. EBko enbaxadorea Txinan

Europako Eguna Txinan  

BISITA - TXARTELA

Blockchain Errioxaren jardunaldia

Montse Guardia Güel, Eduardo Aginako, Luis Garvía eta Javier Sánchez Marcos

Facebook edo erronka handiak

"Marten koloniak promes egin zenizkidaten; horren ordez, Facebook lortu nuen".
Berri gehiago

Geure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu nabigazio-esperientzia hobetzeko.
Nabigatzen jarraitzean, ulertzen dugu gure cookie-politika onartzen duzula.