Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Bioekonomiaren Euskal Aliantza eratzea bultzatu du. Momentuz 10 enpresa pribaturen eta erakunde publikoetako ordezkarien partaidetzaz: SPRI taldea, Energiaren Euskal Erakundea, NEIKER Teknologia Zentroa eta HAZI Fundazioa; azken horrek hartuko ditu Idazkaritza Teknikoko eginkizunak.
BEAren helburua izango da enpresa-eragileen sare bat sortzea, biologia-baliabideetan oinarritutako produktuak sortzen dituen ekonomia-eredu hau sendotzen dutenak, eta erakunde publikoen, teknologia-zentroen eta enpresen arteko lankidetza egituratu bat ezartzea, ekonomia-produkzio eta -sorkuntza modu hori hazteko.
Eusko Jaurlaritzak uste du Euskadik natur baliabide eta teknologia-gaitasun nahikoak dituela ekonomia-eredu horren aukera berriak esploratzeko.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ekimen honi emandako laguntza sendotu du, 1.000.000 euroko laguntzen programa esklusibo batez.
10 proiektu erreal dituzten hasierako 10 enpresak
- BEA eratzeko hautatutako enpresak oso askotariko sektoreetatik datoz, adibideez, ibilgailu-industria, energia, eraikuntza, ehungintzaren industria eta kosmetika, besteak beste. Hasieran enpresa horiek hor egotea babesten duten bioekonomia-proiektuak zur-baliabidean oinarritzen dira nagusiki, nahiz eta kasu batzuetan beste bio baliabide mota batean oinarritzen diren produktuak dituzten.
- BIOTERMIAK: “Bioerregaiak berokuntza eta bero industrialeko instalazioetan garatzeko plataforma da. Basogintzako produktoreak eta zuraren eraldatzaileak energia-zerbitzuak ematen dituzten enpresekin eta herri-administrazioekin integratzen ditugu, hornidura-berme osoa eta bioerregaien kalitatea eskaintzen dituen sare logistikoa lortzeko“.
- CIKAUTXO: “CIKAUTXOn, lehengai polimeriko jasangarriagoak eta ingurumenarekin begirune handiagokoak bilatzen dituzten ekimenak bultzatzen ari gara, bi helbururi begira: petrolioari lotutako osagaiak murriztea, eta gure konposatuetara birziklatutako biomaterialak gehitzea. Azken urteotan, kautxua birziklatzeko hainbat teknologia garatu ditugu, kautxua desbulkanizatzeko prozesu berritzaileen bitartez; izan ere, material hori lehengai birziklaezintzat jotzen da”.
- EGOIN. “Gure enpresak zurezko soluzio estruktural berritzaileak diseinatu, ingeniaritza jorratu, fabrikatu eta muntatu egiten ditu bertako km 0-ko lehengaietan oinarrituz. Zuraren aldeko apustua egin dugu XXI. mendean eraikuntzaren materiala izan dadin, ekologikoa delako eta karbono-aztarna murrizten duelako, XX. mendeko ohiko eraikuntzarekin konparatuz gero. Indarrean ditugun proiektuen artean, babes ofizialeko bizitegi-eraikin handiena egiten ari garela nabarmendu behar da, Cornellá de Llobregaten, Bartzelonan: 5 solairu eta 85 etxebizitza ditu; horretarako, ziurtapena duten eta birlandatutako 2.100 metro kubo basoren zura erabiliko da guztira”
- GLOBAL EFFICIENCY ARANGUREN– GLEFARAN: “Ekonomia zirkularra eta bioekonomia ardatz hartzen dituen enpresa bat gara, Euskadiko kapitalduna, eta baso-biomasa kudeatzera eta energia berriztagarria produzitzera bideratua, biotxarraren erabilera berritzaileen inguruko proiektu bat garatzen duena. Mikroorganismoz aberastutako biotxarrak animalien eta landareen nutrizioa hobetzen du, eta biomasarako aplikazio berriak garatzeko modua ematen. Animalien elikaduran, digestioa errazten du, eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten. Ongarri gisa, ondorio oso interesgarriak ditu nekazaritzarako, adibidez, ura hobe atxikitzen du, nutrienteen oreka hobetzen du, eta lurzoruan dauden kutsatzaileak desaktibatzen.
- LANA. BEGUR proiektua. “Proiektuaren mamia da zur-hondakina (zerrautsa) aprobetxatzearen bideragarritasuna aztertu eta, hartara, hiri-altzarietako edo bestelako elementuak fabrikatzeko erabiliko den balio erantsi handiko material berri bat sortzea. Horretarako, zuraren zati txikiena baliatuko da WPC plastiko-zurezko konposite bat lortzeko, zurezko zuntz finenak polimero plastiko eta gehigarriekin estruituz. Era horretan, material plastikoaren % 50a zurezko produktuekin ordezka daiteke”.
- MAIER. BIO4SELF (H2020). “Bioplastiko autoindartua garatu eta baliarazi (bioplastikozko matrizea + bioplastikozko zuntzak). Helburua da beira-zuntzez indartutako termoplastikoa kentzea eta, trukean, PLA autoindartua jartzea, produktuaren jasangarritasuna hobetuz, birziklagarrigarritasunari dagokionez (material bakar bat). PLA bioplastiko bat da, landare-jatorriko azido polilaktikoa. Horretarako, goi-tenperaturako fusioko PLA bat eta behe-tenperaturako fusioko PLA bat garatzea bilatu da (70 ºC-tik gorako aldeaz), hura indartzeko.
- MARIA DUOL. “Badira 28 urte kalitate goreneko eta printzipio aktibo naturalez egindako produktu kosmetikoak diseinatu, produzitu eta merkaturatzen ditugula. Ikerketaren zorroztasun zientifikoa eta teknologia-garapena uztartzen ditugu, baita pertsonen azal-osasunaren zainketa ere, horretarako gai aktibo naturalen erabileran oinarrituz. Era horretan, kosmetikaren merkatua dibertsifikatzen dugu askotariko produkzio-jardueren bitartez, bio produktuen sorta batez, adibidez, mahats-pipitetan dagoen Resveratrolaren ahalmen antioxidatzailea eskuratzearen bidez naturaren propietateak baliatuz.
- PAPRESA. Birziklatutako eta birjina den zelulosa zelulosazko pastaren nahasketatik abiatuta ehun-zuntzaren ekoizpena aztertzeko proiektu pilotoa. « Helburua da teknologia bat probatzea eta ezartzea, petroliotik eratorritako materialak ingurumenerako eta ekonomiarako modu hobean ordezka ditzaketen ehunezko material berriak sortzean, baso-jatorriko zelulosa-orea erabiltzeko, bai birjina, bai paperetik, kartoi erabilitik edo zuretik birziklatua. Proiektu honen berariazko interesa da beste herrialde batzuetan dagoen prozesu hori EAEn dagoen materiala eta zelulosaren ezaugarrietara egokitzea. Abantaialak eta desabantaialak identifikatzeko ».
- SKFK: “Moda etikoko bere sorkuntzetan, bertakoak eta jasangarriak diren materialak lehenesten ditu. Alde horretatik, zelulosa-jatorriko zuntzek, adibidez, Lyocellak (gehienetan Tencel deituak), lehentasuna dute markarentzat. Hainbat abantaila eskaintzen dituzte: iraunkortasuna, moldakortasuna, testura eta, gainera, abegitsua da ingurumenarekin. Lyocellari, zelulosan edo zur-orean oinarrituta egindako material naturalari esker, bete egiten dugu Euskadin % 100 egindako arropa jasangarriak produzitzeko helburua”.
- SMURFIT KAPPA. “Paperezko produktu berri bat garatu eta patentatu dugu: AgroPaper®. Pinu-zuntzez fabrikatua, lehengai berriztagarri eta % 100 biodegradagarria da, nekazaritzako lur-estalki gisa erabiltzeko diseinatua, plastiko beltza ordezkatuz. Era horretan, eragotzi egiten dugu belar gaiztoak haztea, eta landarea garatzea sustatzen; haren balio erantsia da laborearen amaieran ez dela beharrezkoa kentzea, birrindu egin baitaiteke, eta lurrari gai organikoa gehitu. Nekazariei denbora eta kostuak aurrezten dizkiegu, eta ez dugu hondakin plastikoz lurra kutsatzen.
Informazio iturria: irekia.euskadi.eus