Danimarkako BIG (Bjarke Ingels Group) arkitektura-estudioak irabazi du Donostiako GOe – Gastronomy Open Ecosystem eraikina eraikitzeko lanak zuzentzeko nazioarteko lehiaketa, Basque Culinary Center-ek deituta. Eraikina Donostiako Nafarroa etorbidean kokatuko da.
Bere proposamena, Olatuen bidea - Camino de las Olas, aukeratu dute ingurunean integratzeagatik, alderdi iraunkorrengatik, espazio aldakorrengatik eta funtzionaltasunagatik. Gune hau GOen biziko diren behar aldakorrekin bat dator, eta bertan gastronomia, talentua, zientzia, berrikuntza, ekimena eta hiria elkartuko dira.
Eraikinak jasangarritasuna eta paisajismoa ditu funtsezko balioetako bat. “Gure etxean, Kopenhagen, NOMA jatetxerako garatzen dugun diseinuarekin, plazer handia izan genuen Rene Redzepirekin lankidetzan aritzeak, gastronomia modernoaren buru onenetako batekin. Donostian GOe (Gastronomy Open Ecosystem) enpresarentzat egindako lan honekin, gogotsu gaude gastronomiaren munduaren azterketa arkitektonikoa hurrengo mailara eramateko. Hiriko hiri-paisaiaren arkitektura-hedaduratzat hartuta, gure proposamenak espazioa askatzen du eta parkeak eskaintzen ditu sabaian, herritarrak gastronomiaren artearekin eta zientziarekin parte hartzera gonbidatzeko. Done Jakue Bidea zeharkatzen duen ibilbidean, uste dugu gastronomiaren eta teknologiaren, hiriaren eta naturaren, eta eraikinaren eta parkearen bategite arkitektoniko horrek mundu osoko sukaldaritzako erromesentzako helmuga bihurtzeko aukera duela” esan du Bjarke Ingels-ek, BIG-Bjarke Ingels Group-en sortzaile eta zuzendari sortzaileak.
Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, adierazi du “GOe – Gastronomy Open Ecosystem”-ak eratzen duela Basque Culinary Center-en etorkizuneko estrategia, 360 ikuspegian oinarritua. Talentua, ikerketa, berrikuntza eta ekimena biltzen dituen gunea da, gastronomiaren mugak eta etorkizuna aztertuko dituen nazioarteko erreferentzia bihurtzeko. BIG «Olatuen bidea – Camino de las Olas» proposamenak GOe espiritua irudikatzen du, espiritu ireki, kolaboratibo eta parte-hartzailea. Hirian integratzeaz gain, elkarrizketarako eta harremanetarako gune berriak sortzen dituen eraikina. Proiektu horrek, lankidetza publiko-pribatuari esker, indartu egingo du Donostia gastronomiaren etorkizunean sortu eta berritzeko lurralde gisa duen posizionamendua”.
26 milioi euro
Exekuzio proiektua bederatzi bat hilabeteko epean garatu beharko da, eta ondoren obrak hasiko dira 2023ko martxoaren inguruan. Aurreikuspenen arabera, 2024aren amaieran bukatuko da, eta 26 milioi euroko zenbatekoa izango du.
Tapia sailburuak nabarmendu duenez, proiektuan «mota guztietako enpresek» hartzen dute parte, «12.000 milioi euroko fakturazioarekin, eta 41.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana».