Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatzen duen Auzolandegiak programak 170 plaza eskainiko ditu, hiru lurraldeetan banatuta. 201ko urte honetan, 8 auzolandegi egingo dira, eta guztiak 15 eguneko txandetan, Lekeitioko auzolandegia izan ezik, 2 txanda izango baititu. Horietako hiru nazioarte-eremukoak izan dira eta 5 estatu-eremukoak. Izena emateko epea apirilaren 16tik 24ra bitartean egongo da zabalik, eta, horretarako, Interneten eskuragarri dagoen inprimaki bat bete beharko da: www.gazteaukera.euskadi.eus.
“Programa horren bidez, 18 eta 26 urte bitarteko Euskadiko 170 gazte inguruk Euskadiko, beste autonomia-erkidego batzuetako eta atzerriko auzolandegietan parte hartu ahalko dute”, esan du Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak. Plazen trukean, beste erkidego batzuetako 100 gaztek eta atzerriko 50 gaztek Euskadiko auzolandegietan parte hartzea aurreikusten da. Datorren udan, Euskadiko auzolandegietan parte hartzen dutenek hainbat jardueratan parte hartuko dute; besteak beste: hezegune bat berreskuratzea Agurainen, arkeologia-indusketa egitea Maeztun, Gaubean Villamordoneseko eremua egokitzea, Sopuertan bidegorri bat gaitzea, Bergarako eta Lekeitioko egoitzetan hirugarren adineko pertsonak dinamizatzea, Lemoan lubakiak eta memoria berreskuratzea eta Zamudion ahultasun nutrizionaleko egoeran dauden pertsonei elikagaiak banatzea eta laguntzea.
Aguraingo, Gaubeako eta Lemoako auzolandegiak nazioarte-eremukoak izango dira, eta atzerritarrak izango dituzte; horien erreferentziazko hizkuntza ingelesa izango da. Gainerako auzolandegietan, hainbat autonomia-erkidegotako gazteek parte hartuko dute, eta erreferentziazko hizkuntzak euskara eta gaztelania izango dira.
Gainera, urtero bezala, plazak eskainiko dira gainerako autonomia-erkidegoetan eta atzerrian dauden auzolandegietarako. Atzerrian honako herrialde hauetan: Alemania, Armenia, Estonia, Frantzia, Grezia, India, Islandia, Italia, Letonia, Maroko, Nepal, Txekiar Errepublika, Errusia, Serbia, Taiwan eta Turkia.
Auzolandengien bidez, zenbait balio sustatzen dira, besteak beste, bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea, kulturen arteko ikaskuntza eta abar”, esan du Llanok.
Zer dira Auzolandegiak?
Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzeko asmotan.
Hona hemen, labur-zurrean, auzolandegiak nolakoak diren azaltzen duten ezaugarri batzuk:
- Arauak: Denek parte hartuz, elkarlanean eta lagun-giroan gauzak sortzeko lekua. Horretarako, baina, arau batzuk errespetatu beharko dira.
- Ingurua: Auzolandegiaren inguruak ezagutzeko modua eta berarekin bat egiteko era (hainbat ekintza, ibilaldi eta txangoren bidez).
- Esperientzia: Eguneroko gauza berdinak egiteari utzi eta esperientzia berriei bideak zabaltzea.
- Lana: Parte-hartze aktiboa eta guztien artekoa, auzolandegia egiten den komunitatearen aldeko lanak eginez.
- Animazioa: Jarduerak era sortzailean eta elkarlanean egitea, aisialdi konbentzionala alde batera utzita.
- Baloreak: Taldean bizitzeko esperientzia bereganatzea. Bakoitza bere indibidualtasunetik atera eta taldeko bizimoduak dituen baloreak bereganatzea. Gizartearen baloreak bereganatzea (tolerantzia, elkartasuna,...).
- Jarrera: Parte hartzaile talde bat, taldean bizi, taldean lan egin eta taldean ondo pasatzeko asmoa duena, bakoitza taldera moldatzen dela.
- Natura: Ohiko ibilbideak utzita, nekazal inguruneak ezagutzeko aukera.
- Topagunea: Sorterri ezberdinetako pertsonek euren kulturak eta ohiturak elkarri trukatzeko topagunea.
- Jarrera: Dena, denen artean egiten den tokia.
Helburuak
Hauek dira Auzolandegiak programaren xedeak: Lehenik eta behin, toki desberdinetatik iritsi eta gizarte-maila desberdinetakoak diren gazteei elkarrekin bizitzeko eta elkar ezagutzeko aukera ematea, aurreiritziak gainditzeko lagungarria den borondatezko esperientzia bateratu baten bidez.
Eta bigarrenik, gizartean proiekzioa duen eta, ingurumenaren, elkartasunaren eta lankidetzaren arloan, bai eta beste arlo batzuetan ere, komunitateari onura ekarriko dion lan bat egiten laguntzea.
Gazteria Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan antola-tzen ditu auzolandegiak, baina auzolandegi horietan gainerako autonomia erkidegoetako nahiz atzerriko gazteak ere hartzen ditu. Era berean, beste autonomia erkidegoetako eta atzerriko auzolandegietan parte hartzeko plazak ere eskaintzen dizkio EAEko gazteei.
INFORMAZIO GEHIAGO:
www.gazteaukera.euskadi.eus