IKERLAN zentro teknologikoak Estatuko lehen laborategi digital multiteknologikoa, DIGILAB, inauguratu zuen urriaren 20an, Arrasaten: 2.000 m2-ko eremua. Bertan, abangoardiako hainbat teknologia ikertzeko azken belaunaldiko azpiegitura aurki daiteke, hala nola robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, safety-a eta fidagarritasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa. 2.000 metro koadroko azalera du DIGILABek, eta beharrezko ekipamendua du euskal zentro teknologikoa digitalizazioaren arloan industria adimendunerako transferentzia teknologikoaren alorrean aitzindari izaten jarraitzeko. Laborategiak 1,5 milioi euroko inbertsioa izan du, eta Eusko Jaurlaritzaren AZPITEK programaren finantzaketa duen azpiegituren eta ekipamenduaren lehen inaugurazioa da.
IKERLANek erabiltzen dituen teknologia digitalek ia mugarik gabeko aukerak eskaintzen dizkiete aplikazio ugariri. Industria-arloan, makinen eta prozesuen funtzionamendua optimizatzeko aukera ematen dute; horretarako, modu autonomoan (makinistarik gabe) ibiltzeko gai diren trenak, igogailuak edo energia eolikoa sortzeko sistema adimendunak garatzen dituzte, nork bere burua diagnostikatzeko eta akatsak aurreikusteko gai direnak, edo kontsumitzaileen nahiei aurrea hartzeko gai diren kontsumo-sistemak. IKERLANek aplikazio horietan guztietan lan egiten du munduko enpresa lokal eta multinazional aitzindariekin.
Inaugurazioan parte hartu zuten Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Iñigo Ucín MONDRAGON Korporazioko lehendakariak, María Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiak. Gainera, zentro teknologikoarekin lotutako enpresa eta erakunde ugarik parte hartu nahi izan zuten ekitaldi horretan, eta bisita bat egin zuten instalazioetara. Bisita horretan, ikertzaileek hainbat garapenen erakustaldiak egin zituzten. Zentroa garapen horiek nazioarteko erreferentziazko bezeroentzat egiten ari da. Halaber, Telefónica Tech, Nestlé, Aldakin, Orona, Ingeteam eta CAF enpresetako zuzendariek ere parte hartu zuten ekitaldian, eta hainbat elkarrizketa izan zituzten teknologia digitalen arloko erronkei eta DIGILABen espazioak enpresei eskaintzen dien ekarpenari buruz.
Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiaren hitzetan, “instalazio horiek IKERLAN-ek etorkizuneko teknologia digitalen arloan dituen gaitasunak indartuko dituzte, plataforma multiteknologiko bat izateko aukera emango baitigu. DIGILABi esker, ezagutza berriak erakarri eta sortu ahal izango ditugu ingurune ia industrial batean, enpresei teknologia transferitzen dugun posizionamendu ona indartuz eta industriaren erronka errealei konponbide errealak eskainiz. Teknologia digitalen ekosistema berri horrek, gainera, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako egokia den lankidetza-ingurunea sustatuko du”.
Laborategiak 1,5 milioi euroko inbertsioa behar izan du, eta Azpitek-en esparruan garatu da. Azpitek Eusko Jaurlaritzak iaz I+Grako eta ekimenerako abian jarritako laguntza-programa da, eta Euskadiko zentro teknologikoen ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko laguntza ematea du helburu.