Azaro Fundazioak ekonomia zirkularraren printzipioak ezarriz osasun-arretaren balio-katearen lehiakortasuna hobetzea helburu duen Healcier proiektu europar berria zuzenduko du, beste 4 bazkiderekin batera: Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutua, Navarrabiomed, AIN (Nafarroako Industriaren Elkartea) eta ESTIA (Ecole Supérieure des Technologies Industrielles Avancées). Bazkideez gain, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIak eta Nafarroako Ospitalguneak lankidetza-harreman estua izango dute proiektuarekin.
Healcier mugaz gaindiko lankidetzarako proiektu europarra da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) % 65ean finantzatzen du Interreg Poctefa programaren bitartez eta urtebeteko iraupena izango du.
Mugaz gaindiko eremuan zahartzeak presio handia eragin du osasun-sisteman, zerbitzuaren eskaria handituz, bai kantitateari dagokionez, bai kalitateari dagokionez. Eskariak gora egiteak, halaber, presioa eragiten dio sektoreari, ondorioz baliabideen erabilera ere areagotuz.
Horrenbestez, osasun-sektorea da baliabideen kontsumo handieneko sektoreetako bat (ura, energia, elikadura, lehengaiak, produktu bukatuak, etab.), eta eragin handia du ingurumen-jasangarritasunean. Gainera, hondakin-bolumen handia sortzen du erabilera bakarreko produktuen erabilera orokortuak: eskularruak, xiringak, hondakin erradioaktiboak, erabili gabeko farmakoak, beharrezkoak ez diren probak edo tratamenduak, gailuen mantentze-lanak, etab.
Ideia bat egiteko, ospitale handi batek urtean kontsumitzen duen energia termikoaren, elektrikoaren eta gasaren batez bestekoa 50 milioi kWh-tik gorakoa da. Sortzen dituen hondakinen kopuruak erraz gainditzen ditu 2.000 tonako muga, eta horietatik hiru laurden hondakin ez-arriskutsuei dagozkie (hiri-hondakinak, papera eta kartoia, plastikoa, tonerrak, elikagai-olioak, obra-hondakinak), eta laurden bat hondakin arriskutsuei (II. motako sanitarioak, zitostatikoak, laborategiko likidoak, bateriak eta pilak, erradiografiak, produktu arriskutsuen ontziak).
Osasunaren alorrak baliabide asko kontsumitzen ditu, eta, horregatik, baliabide horiek modu eraginkorragoan erabiltzearekin eta aprobetxatzearekin lotutako jarduera ekonomikoak garatzeko aukera asko eman ditzakeen sektorea da.
Izan ere, 3 milioi xiringa, 14 milioi eskularru, 2.000 tona arroparen garbiketa eta 175.000 m3 ur erabiltzen dira urtean 3 milioi paziente artatzen dituen ospitale handi batean.
Ekonomia Zirkularra (EZ) tresna egokitzat jo du Europako Batzordeak, baliabideen erabilera eraginkorragoa sustatzeko, lehiakortasun handiagoa sustatzen den bitartean; izan ere, jarduera ekonomiko berritzaile eta iraunkorragoak garatzen laguntzen du, eskura dauden tokiko baliabideak aprobetxatuz.
Horregatik, Healcier-ek osasun-sektorearen lehiakortasuna hobetzen lagundu nahi du, ekonomia zirkularra aplikatuz. Osasun-zentroetan baliabideak modu eraginkorragoan eta efikazagoan erabiltzea bultzatu nahi da, ingurumen-eragin txikiagoa izango duen osasun-sektore berritzaile eta lehiakorragoa sustatzeko.